GAZTEALDIA

Zortzi egunez euskara hutsean bizitzeko erronkari ekingo diote gaur bederatzi gaztek

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 12a, 08:59

Gaztealdia izeneko ekimenean murgilduko dira gaur Euskal Herriko toki desberdinetako bederatzi gazte, Xabier Karril lasarteoriatarra tartean. Azaroaren 19ra arte euskara hutsean biziko dira; euren helburua da euskararen normalizatzeko prozesuan egunerokoan topa ditzaketen talkak eta arnasguneak identifikatzea. "Gazteon kezka dira, inorena baino gehiago, euskararekin dugun harremana, gure hizkuntzaren erabilera eta horren inguruan dauden gako guztiak".

Asteon zabaldu du aurkezpen-adierazpena Gaztealdiak. Irakurtzen hasi eta berehala, esaldi adierazgarri bat: "Ez ditu garai errazak bizi euskarak". Hizkuntzaren egoeraren diagnostikoa egin dute: "Ezagutzak gora egin arren, erabileraren garapena ez da espero zen martxan egonkortzen eta indartzen ari". Euskal Herri osoko zenbait euskara taldek bultzatuta, toki desberdinetan bizi diren bederatzi gaztek ez diote erronka makal bati ekingo: euskara hutsean biziko dira zortzi egunez, normalizatzeko prozesuan euskarak topa ditzakeen talkak eta arnasguneak identifikatzeko. "Euskara hutsean hitz egingo dugu, euskaraz biziko gara; lortuko al dugu?". 

Gaztealdiko kideek sumatzen dute belaunaldi gazteen artean euskara bultzatzeko indarra ez dela garai batekoa, euskalgintza Korrika edo Euskaraldia bezalako ekimenak antolatzeko gai den arren. "Gazteok euskararekin ditugun harremanak, euskararen erabilera eta gure hizkuntzaren inguruan ditugun ideiek, praktikek eta bizipenek ezinegona sortzen dute". 

"Azken hamarkadetan euskalgintzak egin dituen hipotesi eta apustuen eta hizkuntza politiek fruitua gara gaur egungo belaunaldi gazteak, eta diagnostikoa argia da: ez ditugu espektatibak bete, ez euskalgintzarenak, ez gureak", azpimarratu dute. "Ahots propioz" hitz egn nahi dute ekimena martxan jarriko duten gazteek, eurak ere arduratuta daudelako euskararen egoerarekin.

Euskaraz bizitzeko hautua

Gaztealdiaren beste xedeetako bat da belaunaldi berriek euskaraz bizitzeko hautua egitea. Euren iritziz, aukera hori ezin dute ulertu herri-proiektu batetik bereizita. Horren funtsa, ordea, ez datza herri bat euskaldun izatean ala ez, bertan bizi diren pertsona guztiak "era duin batean" bizitzea baizik, "berdinen arteko eta zapalkuntzarik gabeko herri batean; gazteon bizi proiektuaren garapenean bide izan behar du euskarak". 

Gaztealdia gaur hasiko da, Euskaraldia baino zortzi egun lehenago. "Aurrerapauso bat" eman nahi dute gazteek, "ahots propioz hitz egiteko" prestatzen hasi. "Euskaraldia bezalako ekimenek sektore ezberdinen arteko hausnarketak bultzatu eta ekimen irudimentsu eta berriak sortzea ekarri behar dute". 

Erlazionatuak