COVID-19

Herrian 19 kutsatze berri erregistratu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 6a, 14:03

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eguneratu egin ditu pandemiari buruzko datuak. Gaurko txostenaren arabera, Lasarte-Oriako kasu berrien zenbatekoak behera egin du, bezperan orain arteko handiena izan ondoren. Euskal Autonomia Erkidegoan, aldiz, errekor beltz berri bat izan da: egun bakarrean 1.547 positibo.  

Urrian koronabirusaren tunel beltzean aurrera egin zuen Lasarte-Oriak eta azaroan abiada handiagotuta norabide berean darrai. Lehen asteko datuei begiratzea besterik ez dago, 84 kutsatze berri sei egunetan. Bihar bertan indarrean sartuko diren neurri eta mugen eraginkortasunak egoera lasaituko duen ikusteke, irteerako argitasunik ez da ageri. 

Beterri-Buruntza eskualdeko udalerri guztiak daude gune gorrian, 100.000 biztanleko 500 positibo baino gehiagoko intzidentzia tasa daukatelako azken hamalau egunetan. Ostegunean, 65 kutsatze batu zituzten udalerri guztien artean: Andoainen, 11; Astigarragan, 6; Hernanin, 20; Lasarte-Orian, 19; Urnietan, 6; eta Usurbilen, 3. Grafiko hauetan ikus daitezke intzidentzia tasak eta azaroko kasuen bilakaera egunez egun:

Ikuspegia zabaldu eta Euskal Autonomia Erkidegora begiratuta, egoera ez da hobea. Zenbateko osoetan egun bakarrean bildutako orain arteko kopuru altuena izan da atzokoa: 1.547 kutsatze, baina positibo tasa %9,3 da, beste batzuetan baino baxuagoa. Izan ere, ostegunean, 16.690 diagnostiko test egin baitzituzten (14.937 PCR eta 1.753 antigeno proba). Lurraldeka banatuta, Bizkaiak aurre hartu dio Gipuzkoari, 690 eta 663 kutsatze berri detektatu dituzte bakoitzean, hurrenez hurren. Araban, berriz, 175. Horiez gain, EAEtik kanpo bizi diren 19 lagunek ere positibo eman dute. Adin tarteka, kutsatzen berrien heren bat baino gehiago 40 eta 64 urte artekoak dira, zehazki, 576. 

Ospitaleei dagokienez, ostegunean COVID-19ak eragindako 74 lagun ospitaleratu zituzten eta 111 gaixo daude ZIUn.