Eguzkik zabor-tasa finkoa birziklatzen dutenei zigorra jartzea dela salatu du

Txintxarri Aldizkaria 2020ko azaroaren 6a

Lasarte-Oriako Udalak onartu berri ditu ordenantza fiskalak eta zerga eta tasa gehienak izoztuko dira. Eguzki talde ekologistak ontzat hartzen du neurria, baina PSE-EEk birziklatzaileak zabor-tasa finkoaren bidez ez zigortzeko egindako bi proposamen atzera botatzean jarri du enfasia hedabideetara bidalitako azken oharrean

Eguzki talde ekologistak 2021. urteko zerga eta tasen onarpenaren irakurketa egin du. Talde ekologistak zabor-tasari dagokionez, bi albiste daudela nabarmentzen du, "bata ona eta bestea, berriz, txarra, txisteetan bezala".

Albiste ona da zabor-tasa izoztuta geratuko dela ekologisten ustez. "Albiste ona kontsideratu beharko dugu batez ere azken urteotako joera guztiz kontrakoa izan dela kontuan izanda. Gogoratu azken urteotan zabor-tasa KPIren oso-oso gainetik igo dela. Esaterako, iaz KPIren igoera %1ekoa izan zen eta zabor-tasarena, berriz, %5ekoa, hau da, bost aldiz handiagoa".

Albiste txarra, aldiz, PSEE-EEk gehiengoaz baliatuta EH Bilduk eta EAJ-k birziklatzaileak zabor-tasa finkoaren bidez ez zigortzeko egindako bi proposamen ezerezean utzi zituela da. Horren ondorioz,  5. edukiontzia Lasarte-Orian ezarri zutenetik laugarren urtez jarraian, birziklatzen dutenek eta birziklatzen ez dutenek berdin-berdin ordainduko dutela saltu du Eguzkik. "Hori antiekologikoa ez ezik sozialki injustua ere bada, arduraz jokatzen duten birziklatzaileak zigortzen dituelako, eta axolagabeak, berriz, saritu. Izan ere, birziklatzaileek, konpromiso gehiago hartzeaz gain, tarifa finkoaren bidez besteen axolagabekeria finantzatzen dute. Eta hori Lasarte-Oriako Udalak espresuki hala erabaki duelako".

Udal gobernuak proposamenen aurka egindako argudioak umekeriaren eta zinismoaren arteko nahasketa baten ondorio diruditela argudiatu du talde ekologistak. Udalbatzarrean udalak birziklatzaileentzako beherapena gaikako zabor-bilketan portzentaje jakin bat lortzen bada aurreikusita dagoela onartu zuen, baina "Udalak berak ezarri duen sistemarekin, hau da, Lasarte-Oria Gipuzkoan birziklatze-kontuetan azken putz izatera eraman duen sistemarekin" portzentaje hori lortzerik ez dagoela ere aitortu duela azpimarratzen du Eguzkik.

Gainera, 5. edukiontziaren erabiltzaile txartela izateak berak deskontu-eskubidea ematea “arriskutsua” izan daitekeelaren argudioa arrazoiazkoa izan zitekeela ere nabarmendu dute. Hala baina, Udalak  txartelak edukiontzia irekitzeko eta bakar-bakarrik edukiontzia irekitzeko balio izatea erabaki zuela ekarri du gogora talde ekologistak. "Hau da, Udalak berak erabaki zuen txartela ez lotzea 5. edukiontziaren erabileraren jarraipena egitea ahalbidetu zezakeen inolako software-sistemarekin. Software hau ez da zientzia-fikzioa, e? Hau da birziklatzaileei deskontua egiteko Gipuzkoako herrietan normalean erabiltzen den sistema. Adibidez, birziklatze-kontuetan batere aurrerazalea ez den Donostian bertan".

Hau guztiaz gain, ez ohiko udabatzarrean zabor-tasa finkoaren inguruan izandako eztabaidatik zerbait positiboa ateratu du Eguzkik. "PSE-EEk, hitzez behintzat, onartu duela (bazen ordua!) Lasarte-Oriak birziklatze-kontuetan 'arazo bat' baduela". Horren aurrean, ordea, neurririk ez hartzea egotzi dio talde ekologistak Udalari eta zabor-tasaren gaineko "oinarrizko erabaki" hori mahai teknikoetara bideratzea gaia denboran luzatzea dela aipatu du. Eta udalak birziklapena sustatzeko erakutsi duen interes falta agerikoak, mahai horiek eman ditzaketen fruituei buruz eszeptikoak izateko eskubidea eman diela uste dute ekologistek.

Azkenik, egia bakarra dagoela nabarmentzen du Eguzkik. "2021ean Lasarte-Oriak gutxi birziklatzen jarraituko du, baina birziklatzen duen gutxi hori meritu handiarekin birziklatuko du, udal gobernuak ez duelako batere erraztasunik ematen".

Erlazionatuak