2021. urteko zergak eta tasak izoztea adostu du udalbatzarrak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urriaren 30a

Gaur goizean 2021. urteko ordenantzen espedientea onartu da udalbatzarrean.

Lasarte-Oriako Udalak 2021. urteko ordenantzak onartu ditu gaur goizean burututako ez ohiko udalbatzarrean, PSE-EE eta ELOP alderdien bozkei esker; EH Bildu eta EAJ abstentziora jo dute. Ordenantzez gain, COVID-19ak sortutako egoera dela-eta, merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzu pertsonalen sektoreetan ekonomia suspertzeko ez ohiko laguntzen oinarriak eta deialdi publikoa onartzea eta horretarako jarduera prestatzeko inbertsioak egitea ere adostu da

Lasarte-Oriako udalbatzarra batu da gaur goizean, batzuk presentzialki, besteak birtualki ez ohiko udalbatzarrean. Mahai gainean, besteak beste, 2021. urteko ordenantzak.

Aho batez eta eztabaidarik gabe onartu dira lehen bi puntuak. Lehena, udalbatzarraren deialdiaren urgentzia izan da; bigarrena, berriz, merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzu pertsonalen sektoreetan ekonomia suspertzeko ez ohiko laguntzen oinarriak eta deialdi publikoa onartzea eta horretarako jarduera prestatzeko inbertsioak egitea.

Jarraian, Ogasun Batzordean onartu ez ziren 2021. urteko ordenantzen zazpi emendakinei heldu diete alderdiek, EH Bilduren hiru eta EAJren lau.

EAJk herritarren, zein merkatari, ostalari eta enpresen uraren zergari proposatutako moldaketak izan dira eztabaida gehien sortu dutenak. EAJk herritarren zergan %5ren beherapena eskatu du Añarbeko Urak ere ehuneko hori jaitsi baitio Udalari. PSE ez da horren alde agertu, Añarbek hatutako erabakia Udalen presioa kentzeko proposamena dela argudiatuz. "Oraindik onartu ez den neurri baten gainean erabaki hartzea ez da logikoa".

EH Bilduk eta Elkarrekin Lasarte-Oria Podemosek, ordea, neurriaren alde egin dute eta emendakina onartu da. EAJk eskerrak eman dizkio ELOPri Batzordean emandako bozka aldatzeagatik.

Bestalde, merkatari, ostalari eta enpresen uraren eta zaborraren zergari %10a jaistea eta 5. edukiontzia erabiltzen duten herritarrei zerga izoztea eta erabiltzen ez dutenei %3a igotzea proposatu ditu alderdi jeltzaleak. Ez dira aurrera atera.

EH Bilduk hiru emendakin aurkeztu ditu, baina ez da bat ere onartu; etxebizitza hutsak dituzten herritarrek Ondasun Higiezinen gaineko zergan %50 gainordaina izatea, 5. edukiontzia erabiltzen duten herritarrek zergan %30eko hobaria izatea eta Lasarte-Oriako irabazi-asmorik gabeko elkarteek udal instalakuntzen doako erabilera egitea.

Ordenantzen espediente osoa onartu baino lehen EAJk ordenantzen lanketa eza aurpegiratu dio PSE-EEri."Azken urteetan egin ez duzuena egin duzue aurten, zuzenena ondenantzen prorroga onartu eta ez duzue espediente eguneratu bat aurkeztu. Hau gehiengoa zenutenean ere ez duzue egin".

Gainera, ordenantzak izoztearen modu unilateralean onartzea ere aurpegiratu dio alderdi jeltzaleak. "Aurtengo aurrekontuak luzatzea eta ordenantzak izoztea modu unilateralean onartu dituzue. Gure alderdien arteko akordioaren arabera, negoziatu behar ditugu. Pazientzia agortzen ari zaigu eta mesfidantza ere sortzen digu egoera horrek. 2021. urteko aurrekontuetan hori ez gertatzea espero dugu. Guk lan egingo dugu eta proposamenak aurkeztuko ditugu".

Zergak eta tasak izoztuta

Ordenantzen onarpenak zerga eta tasa gehienak izoztea suposatzen du. Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdiviak eta Iñigo Zabaleta Ogasun batzordeburuak udalbatzarraren ostean egindako agerpenean azaldu dutenez, "herritarrek izan ditzaketen zailtasunei erantzuteko apostua egin dugu".

Diru sarrera horiek Udalak beharrezkoak dituela onartu dute, baina "herritarrak ez ditugu kargatu nahi eta esfortzu handia egingo dugu" adierazi dute.

COVID-19ak eragindako egoerari aurre egiteko udaberrian egindako moldaketak indarrean jarraitzen dutela jakitera eman dute, hala nola, ostalarien terrazen tasaren %100eko hobaria.

Horrez gain, bi moldaketa gehiago azpimarratu dituzte. Batetik animaliak kaletik jaso eta zaintzeko tasa berria ezarri dute eta bestetik zenbait tasa ordaintzeko herritarrek zatikako ordainketa eskatzeko aukera izango dutela jakitera eman dute.

Era berean, urteetan egindako eskaera bati erantzuna emango zaiola jakitera eman dute. Hau da, zergak eta tasak lantzeko mahai teknikoak eratuko dira. "Iazko azaroan, nik zuzendutako udalbatzarrean, onartu zen mahai teknikoak martxan jartzea. Hamar hilabete egin ditut alkatetzan eta azkenean martxan jarriko ditugu," azaldu du Valdiviak. 

Lehen hitzordua azaroaren 23an izango da. Horretan zaborren zerga, Ondasun Higiezinen gaineko zerga eta kaleko postuen zergak aztertzeko konpromisoa du udalak. Hala ere, beste alderdiek proposatutako gaiak ere aztertuko direla nabarmendu dute, "haiek ere mahai teknikoen parte izango baitira".