'Normaltasun berria' deitu genion egoera hura sendotzearen itxaropenez ginela, gauzak bapatean aldatu ziren eta pandemiaren tunelean sartu ginen berriro. Orainago, alde guztietatik harrapatuta gaude, aterabiderik asmatuko ote den itxaropenik txikienari eutsita bada ere. Gaurkoa atzokoa baino amorragarriagoa datorrenez, “biharraren emaitza etsiperatuki antsiatu dugularik”.
Azken esaldia Leteren ‘aberria orain’ izeneko poematik atera dut. Gutako askok ere aberriaren oraingotasuna dugu galdekizun. Aurrena, biharko itxaropen hori ez delako hain kontsolagarria orainaldian balizko soluzioaren zai inolako ardurarik hartu gabe geratzeko. Gainera, garai lakatzenetan frogatzen delako aberriaren mardultasuna nolakoa den. Horratik, aberriari buruzko galdera geure buruari zuzenean egindako galdera baita. Geronek, norbanako eta talde bezala, erantzun behar duguna.
Aberria etxean eta auzoan irudikatzen da ondoen. Har dezagun auzoa. Bertan, auzokide garenok elkarrekiko ditugun obligazioak beteta soilik lor daiteke guztiontzako ongia dena. Eta ondasun komunei dagokienean, auzoarekiko ditugun ardurak ez dira norberaren gogoaren arabera hautatzekoak. Aitzitik, auzoari zor dizkiogunak betebehar indibidual eta kolektiboak dira aldi berean. Auzoan zein aberrian, osasun publikoa da orain arriskuan daukaguna. Bakoizka eta taldeka erantzun behar dugu. Izan ere, kontuan hartu gabe gure ondasun komun baliotsuena dela kinkan dagoena oso zail egingo zaigu larrialdi honetarik ateratzea. Iragan hurbilean banatu gaituzten haustura mingarriak ahaztu behar ez badira ere, elkarrekin eta elkarren alde aritu behar dugu. Xabier Lete zenak ere esango zukeen bezala: ‘Maitasunak batzen ez bagaitu, elkartu gaitzala ikara larriak’.