DOMU SANTU EGUNA

Joan direnak gogoratzeko eguna

Txintxarri Aldizkaria 2020ko azaroaren 1a

Hutsune batzuk ez dira inoiz betetzen eta zenbait egunetan are presenteago izaten dira. Domu Santu Eguna da horietan nagusia. Ohiturari jarraiki, herritar ugari joan da Illarraltzueta hilerrira falta zaizkienak bisitatzera. 

Azaroaren lehenak lorez eta jendez bete ohi ditu hilerriak; eta Illarraltzuetakoa ez da salbuespena. Aurten, ordea, egunean bertan beharrean, bezperetan joan dira asko ahaide edo lagunak ikustera. Izan ere, hilarriak lore sorta freskoz beteta zegoen eguerdia baino lehen. Piztutako kandelak, berriki agortutakoak, egondako jendeak utzitako zantzu txikiak; baina bideetan eta harri artean, dozena bat lagun besterik ez zebilen. Kanpoan ere, auto ilararik ez. 

Agerikoa zena berretsi dute loreak saltzen zebiltzan bi emakumeek. Ostegunetik ohi baino jende joan-etorri handiagoa nabaritu dute; asko udalerri mugakideetakoak, gaur, lasarteoriatarrak bakarrik bertaratu baitaitezke. Koronabirusak eragindako egoeraren ondorio dela uste dute, baita beldurrak eta mugek asko etxean gelditzea ekarri duela ere.