DOMU SANTU EGUNA

Hilerrira bisitak egitera joaterakoan "arduraz jokatzeko" eskatu dute udal ordezkariek

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urriaren 30a

Illarraltzueta hilerrian agerraldia egin dute Agustin Valdivia alkateak eta Lasarte-Oriako Udaleko Zerbitzuak batzordeko buru David Mateosek. Azken hilabeteetan berritze-lanak egin ditu udalak hilerrian: asfaltatu, zintarri batzuk berritu, kanposantura sartzeko baranda bat jarri eta beste zenbait. Mateosek jakinarazi du Manttangorri hiribusak zerbitzu berezia eskainiko duela larunbatean eta igandean. Valdiviak "arduraz" jokatzeko eskatu die herritarrei, eta alarma egoeragatik indarrean dauden neurriak errespetatzeko. Bisitek gehienez ordubetekoak izan beharko dute.

Agintarien gomendioei jarraiki –ahal dela, aholkatu dute azaroaren 1a baino lehenago kanposantuetara joatea–, herritar batzuek ez dute igandera arte itxaron eta euren senide eta lagunak oroitzera joan dira Illarraltzueta hilerrira gaur goizean. Lore-sortak jarri, hilarriak garbitu eta atondu... Ilarraltzuetan izan dira baita ere Agustin Valdivia alkatea eta Lasarte-Oriako Udaleko Zerbitzuak batzordeko buru David Mateos, hurrengo egunetan bisitak egitera joateko gomendioak zeintzuk diren gogoratu eta azken hilabeteetan udalak egin dituen berritze-lanak zeintzuk izan diren jakinarazteko.

Asfaltia SL enpresa arduratu da lurzorua berriro asfaltatzeaz, zintarri batzuk konpontzeaz eta ura kanalizatzeko bideak txukuntzeaz. Horrez gain, hilerrira sartzea errazagoa izateko baranda bat jarriko dute igandea baino lehen, Mateosek zehaztu duenez. Panteoi eta harlauza batzuk desamiantatu egin dituztela gehitu du alkateak, material horrekin fabrikatuta baitzeuden. Atari enpresak egin du lan hori. 

"Arduraz" jokatzeko deia

Alarma egoera indarrean dagoela eta, Valdiviak eta Mateosek azpimarratu dute errespetatu egin behar direla espazio publikoetara joateko protokoloak. "Maskara jantzita eraman beharko dute bisitariek, eta, taldetan etorriz gero, sei pertsonakoak izan beharko dute asko jota, baldin eta etxe berean bizi ez badira". Udalak adierazi du bisitek ordubetekoak izan beharko dutela asko jota, "jende pilaketak saihesteko". Dena dela, ez dute aurreikusten halakorik gertatuko denik, hilerria aire zabalean dagoelako eta espazio handikoa delako. Edukiera maximoa 1.000 pertsonakoa da. "Pandemia garaian egongo ez bagina ere, nekez beteko litzateke Illarraltzueta", adierazi du alkateak. 

Hilerrira joateko protokoloa: maskara jantzita, sei pertsonako taldeak gehienez eta ordubeteko egonaldiak

Lasarteoriatarrei "arduraz" jokatzeko eskatu diete udal ordezkariek. "Neurriak errespetatuz gero, ongi joango da dena". Zehaztu dute igandean udaleko langile bat egongo dela hilerrian, bisitariek eduki ditzaketen zalantzak argitzeko. Udaltzainek ere patruilatuko dute noizean behin. 

Autobus zerbitzu berezia

Mateosek jakinarazi du zerbitzu berezia eskainiko duela Manttangorri hiribusak larunbatean eta igandean. "Erabaki dugu ordutegia moldatzea eta goizez eta arratsaldez eskaintzea, 09:00etatik 13:00era eta 16:00etatik 18:00etara". 

Manttangorri Antxisutik aterako da orduro eta 30 minutu inguru behar izaten du Illarraltzuetara iristeko. 

 

Erlazionatuak