Neurri berriek kirolean eragina

Judokek, hurrengo hilabeteetako txapelketak airean

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 30a, 12:43

LOKEko judokak lan eta lan dabiltza entrenamenduetan, baina neurri berriek eragingo diela aipatu du Gorka Aristegi prestatzaileak

"Ikusteko dago zer gertatuko den. Udal instalakuntzetan saioak egiten ditugunez, kirol zerbitzuak zehaztutako neurriak jarraitu behar ditugu eta euren menpe gaude jardunarekin jarraitzeko.

Egoera berriak burumakur ditu judokak. "Burua altxatzen hasiak ginen eta nolabaiteko normaltasuna genuenean, berriro ere, ziurgabetasuna sortu du guregan eta familiengan", adierazi du Aristegik.

Taldea ez da lehian hasi, baina aurki hitzordu garrantzitsuak izango zituzten. Egoera berriarekin hitzordu horiekin zer gertatuko den ez dute argi. "Azaroan aurreikusia zeuden senior mailako Gipuzkoako txapelketa eta Euskadiko txapelketa eta abenduko Espainiako txapelketa airean geratu dira", aipatu digu judo saileko arduradunak.

Gainera, kirolaz bizi diren prestatzeileen egoera atera du mahaira. "Kirolaz lan egin ahal izateko urteetan ikasketak egin ostean, egoera honek hil gaitzake. Asko jota ikasleen %50a ditugu gehienok eta inork ez gaitu aintakotzat hartzen".