Neurri berriek kirolean eragina

Entrenamentuak egiten jarraituko dute igerilariak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 30a, 09:17
Arg.: Buruntzaldea IKT

Buruntzaldea IKTko igerilariek ez dituzte hein batean neurri berrien eraginak jasango eta euren jarduna mantenduko dute, Borja Apeztegia prestatzaileak jakitera eman digunez

Igerilekuari dagokionez, taldearen kontingentzia planak eta protokoloak baliozkoa izaten jarraitzen dute kiroldegitik ezarritako lehengo neurriekin batera eta errespetatuz jarraituko dituztela adierazi du Apeztegiak.

Lehiaketarik ez dute hasi, ordea. "Eskola mailako umeak urtarrilera arte ez dute ezer, entrenatu bakarrik. Kirolari federatuak egoerak ahalbidetzen duenean eta selekzioen lehiaketetan parte hartuko dute oraingoz". Horrekin lotuta, asteburu honetan jokatu behar zen Euskadiko Selekzioen arteko lehiaketa atzeratu dela jakitera eman du. Horretan, taldeko Nora Imazek parte hartu behar zuen Gipuzkoako selekzioarekin. 

Egungo egoeran lehiaketa bat antolatu eta kudeatzea oso konplexua dela onartu du. Gainera, egun, igeriketa taldeen lehentasuna taldeak martxan jarri eta mantentzea dela azpimarratu du. "Gure lehentasuna egoeretara moldatu eta jarduera mantentzea da, mugak errespetatuz noski, baina haurrek, gazteek eta gizarteak orohar, kirolak eskaintzen dituen arlo desberdinen behar handian dagoela uste dugu, bereziki eskola-umeei dagokionean".