Neurri berriek kirolean eragina

Futbolean, erabaki ezberdinak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 30a, 09:05

Ostadar SKT eta Texas Lasartearra taldeak izan ziren lehenetarikoak COVID-19aren  egungo bilakaeraren albo-kalteen eragina jasaten. Ostadarrek entrenamentuak jarraituko ditu; Texas Lasartearrak bere jarduna eten du guztiz

Asteetako entrenamenduaren ostean, Texas Lasartearra Futbol taldeko kadeteek aurreko asteburuan hasi behar zuten denboraldia, baina lehenik Gipuzkoako Federazioak eta gerora Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurriak medio, liga hasiera gutxienez bi astez atzeratuko da.

Goibel egoteko arrazoi horri, gainera, taldearen jardunaren etetea gehitzen zaio. Azken neurriek entrenamenduak ahalbidetzen badute ere, Texas Lasartearrako kideek saiorik egingo ez dutela jakinarazi dute Lasarte-Oriako intzidentzia tasa jaitsi arte. "Berriz ere, ziurgabetasun momentuak bizi ditugu eta egoera honetan ardura handiz jokatu behar dugula argi dugu. Gure helburu nagusia zuen segurtasuna da", adierazi diete taldeko arduradunek jokalariei.

Ostadar SKTko taldeek, berriz, baldintza berriei moldatuz entrenatzeko asmoa dutela aurreratu digu Joxe Pikabea ataleko arduradunak. "Talde gehienok entrenamenduekin jarraituko dugu, egoerara moldatuz. Baina entrenatzaile batzuek, bere kabuz, entrenamenduak etetea erabaki dute, guztia ondo argitu arte".

Hala ere, Udal Kirol Zerbitzuak eskaini ahal ditzakeen jarraibideen zain daudela aipatu du.

Lehiaketei dagokionez, ez da partidarik egongo bi astez, baina etena gehiago luzatuko denaren ustea du Ostadar SKTko koordinatzaileak.