Udalarekin hitzarmenak sinatu dituzte Zero Settek eta Albokak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 28a, 16:41

COVID-19ak eragindako egoera dela-eta, urtebeterako hitzarmenak sinatu dituzte. Kultur eragile bakoitzeko ordezkari bana izan gerturatu da, asteazken goizean, hitzarmenak sinatzera

Asteazken goizean sinatu dituzte bi hitzarmenak, udalean. Agustín Valdivia alkateak eta Zero Sette Akordeoi Orkestrako Isabel Lopezek sinatu dute bi entitateen arteko hitzarmena lehenik. Akordeoi taldeak 3.779 euroko aurrekontua du, eta, aurten, udalak 1.971 eurorekin lagunduko du. Horrez gain, udalak instalazio munizipalak dohainik utziko dizkio orkestrari bere jarduerak aurrera eraman ahal izan ditzan.

Horrekin batera, Zero Setteren lokalaren alokairua, musika-tresnak eta soinu-ekipoak mantentzea eta urteko beste hainbat jardueraren kostuak ordaintzen lagunduko du udalak. Ordainetan, Zero Settek Gabonetan kontzertu bat eskaintzeko konpromisoa hartu du.

Lasarte-Oriako alkatea bezala Zero Setteko ordezkaria ere pozik agertu dira hitzarmenarekin, "Zero Settek egiten duen lan garrantzitsuaren erakusgarri" baita.

Albokak ere sinatu du bere hitzarmena

Mari Carmen Jauregi albokako lehendakariak sinatu du gero koruaren hitzarmena. Hauek 8.125 euroko aurrekontua dute, eta 3.405 euro jasoko dituzte udaletik. Hitzarmena Agustín Valdivia Calvo alkateak eta Mari Carmen Jáuregui Albokako lehendakariak sinatu dute eta hitzarmen horretan, bi alderdien betebeharrak eta dirulaguntzaren helburua ezarri dituzte.

Alkateak jakinarazi du hitzarmena "egokitu" egin dutela COVID-19ak eragindako egoera dela-eta, eta horren bidez, elkarteari lagundu nahi diotela, bizitzen ari garen  "une konplexu" honetan. Udalak aitortu du entitate kulturalak, eta kasu honetan, Alboka, kulturaren arloan egiten ari den ahalegina.

Bestalde, Albokako lehendakariak nabarmendu du zein zaila den koralaren egunerokoa mantentzea, elkartearen jarduera normala zailtzen duten protokolo batzuetara egokitu behar izan baitituzte entsegu eta kontzertuak.

Alboka abesbatzaren betebeharrak

Lasarte-Orian emanaldiak egitea, hala nola, Santa Zezilia egunean, Olentzero eta Mari Domingiren ekitaldian eta Eguberritan. Bestetik, on-line emandako kontzertuak.

Hitzarmena ALBOKA ABESBATZAren funtzionamendu normalak berekin dakartzan gastu orokorrak parte batean ordaintzeko formalizatzen da, eta, bereziki, honako programa hauetatik eratorritakoak ordaintzeko:

  • Elkarteak erabiltzen duen lokala mantentzeko lanak, bai halaber bere jardueretarako beste lokal batzuk erabiltzean sortutakoak.
  • Zuzendaritza teknikoa eta elkartea mantentzeko gastu orokorrak.
  • Abesbatzarako kide berriak erakartzea eta urteko jarduerak ezagutzera ematea.
  • Elkarteak urteko jardueren erakusgarri modura eskaintzen dituen kontzertuak egitea.