San Pedro Jaietako eragileak

Zero Sette akordeoi orkestra: "Itxialdia Zero Setteri bizitzaren arnasa kentzea izan da"

Nerea Eizagirre 2020ko eka. 30a, 11:00

Zero Sette akordeoi orkestrak 2019. urtean Aterpeari egindako omenaldian.

Zero Sette akordeoi orkestrako kideak udaberrian hasi ziren lanean. Jaiband moduan Lasarte-Oriako zein inguruko herrietako kaleak alaitzeko asmoa zuten, baita San Joan suan eta San Pedro jaietan udaletxeak herriko elkarte bati antolatzen duen omenaldian parte hartzekoa ere. Baina COVID-19ak guztia hankaz gora jarri zuen

Lasarte-Oriako Udalak maiatza erdialdean jakin arazi duen San Pedro Jairik egongo ez zela, espero zenuten erabakia?

Hasieran zalantzak bagenituen, baina beste herrietan euren jaiak antolatzeari buruz hartzen ari ziren erabakiak eta jendea elkartzeko momentuan bete behar diren neurriak ikusita aurtengo San Pedroak ez antolatzea ez zaigu arraroa egin.

San Joan eta San Pedro jaietako ekimenak bertan behera geratu dira, baina zuek ekimen digitala egingo duzue...

Zeozer egin nahi genuen. Hasieran bideo batean abesti batzuk jotzea pentsatzen genuen eta denon artean eztabaidatu ondoren konturatu ginen gure herritarrak hainbeste egunetan konfinatuta egon ondoren alai eta poztasunez betetako irteera bat merezi zutela. Horregatik San Pedro jaiei buruz diaporama egitea erabaki genuen.

Normalean noiz hasten zarete horrelako emanaldi bat prestatzen? Zein lan egiten duzue?

Aurreko diaporamak prestatzeko lanek sei hilabete baino gehiago eraman digute, hau da, gaia erabaki dugunetik, materialaren bilketa, bideoak, argazkiak, musika desberdin aukeratzea, partiturak, entseguak, montajea,……Baina oraingo diaporama, bizi izan dugun egoera bezela berezia da. Maiatzaren hasieran telemakikoki izandako bilera batean erabaki genuen egitea.

Honetarako herriko argazkilari diren Txema Valles, Isaac Farré eta Iñigo Gonzalezekin harremanetan jarri ginen euren argazki sorta bat diaporaman agertzeko eta segituan baietza jaso genuen.

Gure zuzendari Jose Manuel Crespok San Pedro jaietarako abesti aproposak aukeratu eta partiturak prestatu ondoren, audioak bidali zizkigun bakoitzak bere ahotsa etxean grabatzeko. Kontuan izan behar da aurrez aurrez elkar ez garela egon. Dena WhatsAppez, telefonoz eta bideodeien bitartez landu dugula.

Musika eta argazkien montajea bera egiten ari da eta San Pedro jaiak inguruan zabaltzeko asmoarekin.

San Pedro jaietako aurtengo diaporama aurrekoak baino motzagoa da eta hilabete t´erdi baten epean egin da.

Itxialdiak zer suposatu du Zero Setterentzat? Nola moldatu zarete entsaiatzeko?

Itxialdiak gure asteroko entseguen etenaldia suposatu du eta Zero Setteri bizitzaren arnasa kentzea izan da. Ezin genuen elkarrekin egon, beste herrietako kideekin ezin elkartu eta azkenean bakoitzak lantzen ari ginen abestiak etxean bakarrik jotzen jarraitu genuen.

Orain taldean egon daitekeela, talde entsegurik egin al duzue? Emanaldiak ematen noiz hasiko al zareten ba al dakizue?

Entsegu presentzialak ez ditugu oraindik egin, akaso baten bat egingo dugu alarma egoera desagertzen denean.

Udaran genituen emanaldiak suspenditu zirenez, garen taldea izanda eta mantendu behar diren neurriekin posible bada iraila bukaeratik aurrera, zergatik ez?

Etorkizun motzera begira, Akordeoi Jaialdia antolatuko duzue?

Oraingoz XVII.Akordeoi Jaialdia egiteko asmorik badegu bai guk, baita Udalak ere. Azaroaren 21ean, larunbata, izango da hain zuzen.

Musikari ezberdinekin hitz egin dugu ahal badute etortzeko eta akordeoiaren doinuak Manuel Lekuonako aretoan zabaltzeko. Beraz datorren hilabeteetako ilusio da. Ea posible den egitea eta zein baldintzetan.

Zein mezu bidali nahi diezue herritarrei San Pedro berezi hauetan.

Barruan daramaten herriko sentimendua egun horietan azalaraztea eta neurriak mantenduz disfruta dezatela etxeko, kanpoko eta Lasarte-Oriar guztiekin.

Erlazionatuak

Sanpedroak girotzeko, diaporama birtuala

Txintxarri Aldizkaria 2020 eka 30 Kultura