COVID-19

Sei positibo detektatu dituzte Lasarte-Orian astelehenean

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 27a, 12:55

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak urriaren 26ko datu epidemiologikoak jaso ditu txosten batean. Horien arabera, Lasarte-Orian sei kasu atzeman dituzte astelehenean, bezperan bezainbeste. Hilabetea hasi zenetik 156 kutsatze zenbatu dituzte gure herrian; koronabirusa intzidentzia gehieneko hilabetea izaten ari da urria Lasarte-Orian.

Koronabirusaren intzidentzia-tasaren datuei erreparatuz gero, ikusi daiteke semaforo gorria piztuta daukatela Beterri-Buruntza eskualdeko sei udalek. Horietan guztietan detektatu dituzte kasu berriak astelehenean, grafika honetan ikus daitekeenez:

Intzidentzia-tasa jaitsi egin da apur bat Lasarte-Orian: 531,21ekoa izan da igandean eta 525,90ekoa astelehenean.

EAE erkidegoko hiru lurralde historikoetan 958 kasu atzeman dituzte astelehenean, horietatik 413 Gipuzkoan. Egun horretan egin dituzten 11.935 PCR probetatik positiboak izan dira ehunetik zortzi pasatxo –zehazki, %8,2–. 

Ospitaleratuta dauden paziente kopuruak igotzen jarraitzen du: urriaren 26an 405 pertsona egon dira oheratuta Osakidetzaren zentroetan, horietatik 74 ZIU Zainketa Intentsiboko Unitateetan. R0 edo birusaren oinarrizko birsorkuntza tasa 1,21ekoa da erkidego osoan, eta bi ehuneko baxuagoa Gipuzkoan. Adierazle horrek zehazten du koronabirusa daukan pertsona batek batez beste zenbat kutsatu ahalko lituzkeen.

Erlazionatuak

Bideo-pilulak 04: Test berriak

Txintxarri Aldizkaria 2020 urr 27 Gizartea