Larunbat gauean ordua aldatuta utzi, badaezpada ere, hurrengo eguneko goizeko krosera dagokion orduan iristeko. "Udazkeneko ordu aldaketa, krosaren igandean", herritar askok barneratua duten esaldia. Aurtengo urriko azken igande hau desberdina izango da, baina berezia ez, Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia jokatuko ez delako, COVID-19a tarteko. 25 urte beteko zituen helduen lasterketak, eta hogei Kros Txikiak. Tarta izozkailuan sartu eta 2021eko urrian aterako dute antolatzaileek, ondo bidean, orduan bai, kandela mordo hori itzali eta herriko kaleak beste behin giro ederrez, kiroltasunez eta kolorez betetzeko.
Irail erdialdean jakinarazi zuen erabakia Ostadar SKTk: egoera ikusita, ezinezkoa zela krosa herri guztiak ezagutzen duen moduan antolatzea. "Ezin dugu lasterketak merezi duen ospakizun festa antolatu; ez kirol arloan, ezta arlo sozioekonomikoan ere". Kirol ekitaldi bat baino gehiago baita Lasarte-Oria Bai! krosa; herriko merkataritzari bultzada ematea izan da helburuetako bat 1996. urtetik. Txintxarri aldizkariko kazetariontzat ere arraroa izango da 2020ko urriko azken igandea. Gustura kubritzen dugu herriaren egunerokoa, baina krosa da xarma berezia duten ekitaldi horietako bat. 2017. urtean, Diario Vascoko Txema Valles kazetariarekin batera, 1 dortsala soinean genuela lasterka egin genuen! Egun ahaztezina izan zen guretzat. Eskerrik asko benetan!
Artikulu hau idazteko, nostalgia apur batekin, hartu dugu 1996. urteko urtekaria, gogoratzeko nola kontatu genuen Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren aurreneko edizioaren etorrera. Baietz ba, 10 kilometro korrika aixa! titulatu zuen kirol ekitaldia jokatu aurreko artikulua Idoia Garzesek, lasterketaren izaera nabarmenduz: kirol herrikoia garatzea eta indartzea, edonork zapatilak jantzi eta korrika egitera ateratzeko aukera emanez, helmuga lehen postuan zeharkatuz edo eskobako lagunekin batera iritsiz. Hurrengo urteetan zehar, zapatilez gain, herriko kaleetan barrena ikusi ditugu ere gurpildun aulkiak, patinak eta ipar martxako makilak, probak hartu duen dimentsioaren seinale. Dimentsio horren lehen adibidea, duela ia 25 urtekoa: lehen edizioan 684 pertsonak parte hartu zuten, antolatzaileek 500 inguru espero zituztenean, Aitor Azkonobietak krosaren osteko Hamar kilometro gogoz korrika! izenburudun kronikan nabarmendu zuen bezala.
Maratoia eta krosa, asteburu berean
1996ko aldizkariak irakurriz ikusi dugu urte horretan asteburu berean Euskararen IV. Maratoia eta Lasarte-Oria Bai! krosa jokatu genituela. 40 ordu euskaraz jo eta egitearekin aski ez, eta hamar kilometroz lasterka egiteko ere indarrak izan zituzten lasarteoriatarrek. Aurtengo urtean, berriz, asteburu berean izan ez arren, ezin izango dugu ez bataz eta ez besteaz gozatu, pandemia tarteko. Espero dezagun 2021ean egin, irakurri eta ikusi ahal izatea krosari buruzko kronika, argazki galeria, bideo eta elkarrizketak. Krosa bizitzea baino, gogoratzea dagokigu aurten.