Lasarte-Oria Bai! Krosa

Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoirik eta Korrika Festarik ez da izango aurten

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 16a, 13:45
Lasarte-Oria Bai! kroseko helmugako irudi berezirik ez da egongo aurten, 2021 urtera arte itxaron beharko da.

Ostadar SKTk lasterketak ez antolatzea erabaki du. 25. urteurreneko ospakizunak 2021 urtean antolatuko ditu elkarteak 

Urtero urriko azken igandean Lasarte-Oriako kaleek jai izugarria bizi dute. Gipuzkoa osoko korrikalariek, herriko gazte eta haurrek eta senideek Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaz eta Korrika Festaz gozatzen dute. Aurten, ordea, ez da horrelakorik izango. COVID-19aren egoerak baldintzatuta, Ostadar SKTk lasterketak bertan behera uztea erabaki du. 2020 urtea berezia zen gainera, Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiak zilarrezko ezteiak betetzen zituen-eta. Ospakizunak 2021 urtera itxaron beharko du.

Ostadar SKTk bi arrazoi nagusi aipatu ditu erabakia azaltzerakoan. Lehena, antolakuntzak ezin dituela beregain hartu lasterketa antolatzeko Eusko Jaurlaritzak ezarritako baldintzak. Bestetik eta lehena bezain garrantzitsua, urteurren berezia ezingo litzateke behar bezala ospatu. "Kros Herrikoiak 25 urte betetzen ditu aurten, eta bizi dugun egoeran, ezin dugu lasterketak merezi duen ospakizun festa antolatu; ez kirol arloan, ezta arlo sozioekonomikoan ere," aipatu dute.

2021era atzeratu

Egoerak onera egingo zuenaren itxaropenarekin, Ostadar SKTk lehengo astean hartu zuen erabakia, "ezin zuen gehiago itxaron". Babesle eta laguntzaileei erabakiaren berri eman eta era berean, egoeraren larritasuna tarteko zailtasunetan dauden guztiei euren babesa adierazi die.

Lasarte-Oriako Kirol taldeak 2021 urtean Kros Herrikoia eta Korrika Festa antolatzeko konpromisoa hartu du, baita 25. urteurreneko ospakizunak ere. "Ziur gaude, horrela espero dugu behintzat, egoerak hobera egingo duela eta 2021eko urriaren 31n herritar eta bisitariekin batera Lasarte-Oria koloretako zapatilekin alaituko dugula" .