Dozena bat kutsatu baieztatu dute ostegunean Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 23a, 14:00

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak urriaren 22ko datu epidemiologiakoak biltzen dituen txostena argitaratu dute. Ostegunean, 1.207 kutsatu berri erregistratu zituzten erkidegoan.

Gorritik gero eta gertuago dago Lasarte-Oria. Osasun Sailak kolore horrekin adierazten du udalerri baten azken 14 egunetako intzidentzia metatuak 100.000 biztanleko 500 kasuren langa gainditu duela. Ostegunean, hamabi kutsatu berri erregistratu zituzten herrian, tasa 478,09ra igoz. Horiek batuta, 133 lasartoriatarrek positibo eman dute urrian; irail osoan 146 izan ziren.  

Beterri-Buruntza eskualdean egoera antzekoa da. Orotara, 78 kutsatze diagnostikatu dituzte eta herri guztietan gora egin du koronabirusak eragindakoen kopuruak, nabarmen, Hernanin (+27) eta Urnietan (+18). Gainerakoei dagokienez, berriz, Andoainen zortzi kutsatu berri hauteman dituzte; Astigarragan, zazpi; eta Usurbilen, sei. 

Agintariek hartutako neurriek eta gomendioek zer eragin duten ikusteke dago, baina gaur-gaurkoz Euskal Autonomia Erkidegoan berrik onik ez da. Atzo, 14.144 proba egin zituzten eta % 8,5  positibo izan ziren, alegia, 1.207 kutsatze baieztatu zituzten. Horietako 545, Gipuzkoan. 

Ostegunean COVID-19ak eragindako 57 lagun ospitaleratu zituzten. 339 gaixo daude EAEko ospitaletan, 69, ZIUn.

Erlazionatuak