Euskaraldia 2020

25.000 arigune antolatu dituzte 6.700 entitate baino gehiagok Euskal Herri osoan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 23a, 13:54

Argazkia:Euskaraldia

421 udalerritan egingo da Euskaraldiaren bigarren edizioa eta norbanakoen izen emateak egunetik egunera "haziz" doazela azpimarratu dute egitasmoko ordezkariek

Astearte goizean Baionan elkartu dira Euskaraldia antolatzen ari diren erakundeetako ordezkariak. Euskararen ariketa soziala izaten ari den zabalkundearen inguruko xehetasunak eman dituzte. Horrekin batera, Euskal Herri osoan parte hartuko duten herri eta erakundeen datuak ere eman dituzte, prentsaurrean egindako agerraldian.

Bi datu nabarmendu dituzte. Batetik, 2018ko lehen edizioan baino udalerri gehiagotan egingo dela aurten Euskaraldia. Guztira 421 udalerritan osatu dira Euskaraldia batzordeak eta horietan guztietan parte hartu ahal izango herritarrek azaroaren 20tik abenduaren 4ra.

Bestetik, aurtengo ediziorako berrikuntza nagusi diren ariguneez aritu dira hizketan. Eman dituzten datuen arabera, Euskal Herri osoan 25.000 arigune baino gehiago sortu dira. Guztira 6.737 entitatek lurralde ezberdinetan dituzten 8.174 egoitzetan, 25.091 arigune sortzeko prozesua abiatu dutela azaldu dute Euskaraldiaren koordinazio mahaiko kideek. Arigune horien banaketa, aldiz "nahiko parekatua" izan dela ere gaineratu dute; %52 izango da barne arigunea, eta %48 kanpo arigunea.

Ipar Euskal Herrian Euskaraldiaren bigarren edizioa izaten ari den zabalkundea ere nabarmendu dute agerraldian: "Ariguneen sorrerak Euskaraldiari aukera berriak zabaldu dizkio, eta kanpo ariguneen bidez, euskarak Ipar Euskal Herriko kaleetan presentzia handiagoa izan ahalko du".

Mota guztietako entitateak 

Era guztietako enpresa, saltoki, erakunde, elkarte, hezkuntza arloko eragileak, zerbitzu enpresak eta erakunde publikoak izan dira kopuruetan "aipagarrienak". Baina horiekin batera enpresa txikiak, gizarte eragileak, sindikatuak eta bestelakoak ere egitasmora batu direla ere azaldu dute.

Bi datu horien inguruko balorazio "oso ona" egin dute Euskaraldiko ordezkariek. Azpimarratu dute COVID-19ak eragindako egoera dela-eta, "oso zaila" izan dela herrietan batzordeak martxan jarri eta entitateekin lana egitea. Halere, zailtasun horiei aurre hartuz, euskararentzako eremuak irabazteko "borondatea" dagoela ikusi dutela nabarmendu dute: "Asko dira urratsak emateko prest dauden herritar eta eragileak".

Horrekin batera, norbanakoek Ahobizi edo Belarriprest modura parte hartzeko izen-emateak egunetik egunera haziz doazela ere jakinarazi dute. Datozen asteetan ezagutaraziko dituzte datuak, eta herritarrei parte hartzeko deia luzatu diete. 

2018. urteko ariketan parte hartu zutenak aurtengo Euskaraldiaren bat egitera animatu dituzte, hizkuntza ohiturak aldatzeko prozesuak "ekina eta jarraikortasuna" eskatzen dituela gogoratuz. Horrekin batera, parte hartzeko baldintzak ere ekarri dituzte gogora, nahiz eta aurreko edizioko berdinak izan. 16 urtetik gorako herritarrek eman dezakete izena, helduen hizkuntza ohitura eta portaeretan eragitea baitu helburu ekimenak. Horrez gain, euskara ulertzeko gaitasuna gutxienez izan behar dute parte-hartzaileek, eta hortik aurrera, partaide bakoitzak erabakiko du Ahobizi edo Belarriprest rolean aritu. 

Izena emateko hiru modu daude herritarren eskura:

  • Euskaraldia.eus atarian
  • Herrietako batzordeek jarriko dituzten informazio gune eta mahaietan
  • Telefono aplikazioan