'NEURE KABUZ'

Irribarrea

Gorka Alvarez 2020ko urr. 23a, 08:00

Zutabe hau itxi berri nuen. Azken puntua jarrita. Ordenagailua itzalita eta Berria egunkariaren orri digitala ikuskatzen hasi nintzenean, Onintzaren txokoan, izenburu berbera topatu nuen. Irri txiki batek ihes egin zidan momentu hartan, ondorengo barrearen aurrekari. Bakarrik nengoen, inork ez zuen ikusi. Aurpegiaren bidez helarazten ditugun mezuentzat garairik onena ez den honetan, ziur aski, inork ez zuen leku publiko batean ere, nire irribarrearen aztarnarik izango. 

Pandemia garaietan faltan botatzen hasi garen gauza txikien zerrenda egiten hasiko bagina, luze xamarra aterako litzaiguke. Nik badut bat faltan izugarri botatzen dudana. Pertsona serioak, hotzak eta buruz burukoan emozioak eta sentimenduak adierazterakoan kamuts izan ohi gara askotan euskaldunak. Izaeraren baitan ere izango delakoan nago.

Ez dut gauza txiki horien zerrendarik egingo, bakar batek eskaintzen dizkigun mezu eta erabilerena baizik.

Bikotekidearen konfidantza, irakaslearen onespena, harakinaren agur adeitsua, kalean gustuko duzun pertsona horrek egiten dizun agurra, astelehen goiza alaitzen dizun lankidearen arreta, lagun minaren konplizitatea, kuadrillakoek bakarrik uler dezaketen bromarekiko algara eta baita ilara batean aurreratuko zaizunaren intentzio txarra, solasaldi politiko bateko mespretxu keinua edota errespetu falta izugarria suposa dezakeena ere izan daitezke nik nabaritu dudan hutsune honen erabilera anitzetako batzuk.

Estrategiak bilatu behar izan ditugu gure gertukoenen aurpegiak interpretatzeko. Begietan edota kopetean sortzen zaizkien ximurrak, masailen igoera lausoa eta askotan soinu bidezko mezua jaso izan behar dugu benetan aurrean dugunak IRRIBARRE bidez zerbait adierazi nahi zigula ulertzeko.
Faltan botatzen ari naiz irribarrea egunerokoan. Gure aliatu nagusia, musukoa, kasu honetan etsai nagusi bihurtu baitzaigu. Gure musuko azpiko irriek zail dute barrea sortzen besteengan baina saia gaitezen gure barreak muga guztien gainetik helarazteko, irriak erabiltzen. Izan soinu bidez edota beste edonolako estrategia bidez kutsa diezaiogun irribarrea elkarri baina beti ezpainak, ahoa eta hortzak musukoaren azpian direlarik. Egin irria eta sortuko duzu barrea.