Lankidetza hitzarmena sinatu dute Zurmailu Zurlanketa Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 20a, 17:23
Herriko alkate Agustin Valdivia eta Zurmailu elkarteko kide Manuel Yeregi, hitzarmena sinatzen. Argazkia: Txema Valles.

Udalak 8.515 eurorekin finantzatuko du Zurmailuren jarduna aurtengo ikasturtean. Lagunduko dio, besteak beste, lokalaren alokairua eta mantenu-lanak ordaintzen. Zurlanketa elkarteak erakusketa bat egingo du, ikastaroak eskainiko ditu eta udalarentzat tailu bat egingo du.

Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdiviak eta Zurmailuko kide Manuel Yeregik sinatu dute 2020-2021 ikasturterako lankidetza hitzarmen hori. 8.515 euroko diru laguntza jasoko du elkarteak, aurten aurreikusita dituen zenbait jarduera egin ahal izateko. Antonio Mercero gunean erakusketa bat egingo dute, azaroaren 5etik 15era. 18:00etan irekiko dituzte ateak egunero.

Alkateak gogoratu duenez, Zurmailu elkartea sortu zen zenbait urtez kultur etxean egindako tailer-ikastaro batetik. Gaur egun, hastapen kurtsoak Zurmailuko kideek ematen dituzte; bigarren mailakoak, berriz, irakasle espezializatu batek. Zurlanketa elkartearen izenean hitz egin du Manuel Yeregik, azpimarratuz egurrarekin tailuak egiteak "asebete eta liberatu" egiten dituela kideak.

Zurmailuk erakusketa bat egingo du azaroaren 5etik 15era Antonio Mercero aretoan

Konpromisoak

Astelehen eguerdian adostutako hitzarmenean jasotzen denez, Zurmailu elkartekoek herrian zehar zabalduko dute euren ikastaroei buruzko informazioa, eta saioak antolatuko dituzte lasarteoriatarrentzat aproposak diren orduetan. Ikastaroak euskaraz zein gaztelaniaz eskainiko dituzte, ez dute hizkera sexista erabiliko eta genero ikuspegia txertatuko dute euren lanetan. Horretara konprometitu dira elkarteko kideak.

Udalak 8.515 euroko diru laguntza emango dio Zurmailuri, elkarteak lokalaren alokairua eta mantenu-lanak ordain ditzan. Ikastaroak egingo ditu, eta saioetan ondutako lanak herritarrei erakutsi gero, erakusketa batean. Udalarentzako tailu bat ere egin beharko du.

Erlazionatuak

Mimoz egindako lanekin, erakusketa

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 aza 14 Kultura