Miren Amuriza Plaza: "Irakurle Txokoan egotea plazer handia da niretzat"

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 16a, 10:30

Irakurle Txokoak Miren Amuriza Plaza (Berriz, Bizkaia, 1990)idazlea gonbidatuko du urriaren 22ko saiora. 2019ko apirilean 'Basa' eleberria ondu zuen idazle bizkaitarrak; nobela hori hizpide izango dute datorren astean, Udal Euskaltegiko erabilera anitzeko aretoan

"Plaza kuttuna" du Lasarte-Oria Amurizak. Behin baino gehiagotan etorri izan da bertsotan egitera. Urriaren 22an ez da oholtza batera igoko, ordea; Irakurle Txokoko kideekin eseri, eta 'Basa' eleberriaz solastuko da. Bitartekari lanak Uxue Alberdik egingo ditu. "Niretzat plazer handia da irakurleez gain Uxue ere hor egotea, konfiantza handia daukagu eta askotan hitz egin dugu liburuari buruz eta literaturaren inguruan ere bai, orokorrean". 

Lehenago ere joan izan da Amuriza irakurle txokoetara; "oso sentsazio onak" izan ditu. "Norberak idatzitako liburua beste pertsona batzuekin partekatzeak beste gorputz bat ematen dio". Jaso dituen iritziak "onak" izan direla gogoratu du. "Eleberria idazten hasi nintzenean, nire kezka  nagusietako bat zen ea irakurleek identifikatuko ote zituzten kontatzen dudan istorioa eta protagonista, eta jaso ditut iritziak, 'Nire ama, amona, izeba...gogorarazten dit', eta antzeko batzuk". 

Sabina Gojenola da 'Basa' eleberriko protagonista. "Baserriko emakume bat da, 80 urtekoa, oso zaildua eta tenperamentu handikoa, hainbat motibo direla medio egoera oso-oso muturreko batera iritsi dena. Basandre bat ez, andre basa bat baizik". Idazleak irakurleari planteatzen dio eta zergatik den Sabina den bezalakoa, zer dagoen bere izateko moduaren atzean.

Pertsonaia erretratatzen

"Baserriko eta adineko emakumeei buruz asko hitz egin eta idatzi izan da, baina Sabinaren tenperamentua bezalakoa daukan pertsonaiarik nik behintzat ez nuen aurkitzen, eta hori egin nahi nuen, izaera hori daukan pertsona bat erretratatu", azaldu du idazle bizkaitarrak. 

Irakurlea istoriora iristen denean ailegatzen da "tentsioa goi-goian" dagoen une batera, Amurizak azaldu duenez. "Dena abiadura bizian mugitzen hasten da". Idazleak deskribatzen du "muturreko" egoera bat, "leherketa baten kontaketa". Sabinaren istorioa kontatzeko estiloak horrekin bat egin behar zuela erabaki zuen Amurizak. "Laburra, zuzena, traila handikoa". Sabina Gojenola zen 'Basa' eleberriaren ardatza "hasiera-hasieratik", baina idazte prozesuan zehar aldatu egin zuen idazleak pertsonaiari begiratzeko modua. "Adineko emakume bat ikusten nuen hasieran, zaurgarritasun egoera batean dagoena, baina berehala konturatu nintzen ez nuela enfoke hori nahi; bere tenperamentuari ez nion justizia egiten".

Itxialdian zehar jarraitu zion idazteari, baina ez helduentzat, umeentzat baizik. Azaro-abenduan liburutxo bat argitaratuko du; Eider Eibarrek egin ditu ilustrazioak. "Beste burualdi eta gorputzaldi batekin idatzi nuen hori, beste tonu eta kolore batzuekin, eta ongi pasatu nuen", gogoratu du. "Denborak eta gorputzak uzten didaten neurrian, sortzen eta idazten jarraituko dut, bakarka, taldean...". 

Erlazionatuak