Irakurle Txokoa urriaren 22an hasiko da: "Beharra genuen"

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 8a, 09:00
Aintzane Usandizaga lasarte-oriatarra izan zen Irakurle Txokora gonbidatutako azken idazleetako bat.

Irakurle Txokoko kideak urriaren 22an ekingo diote 2020-2021 ikasturteari, presentzialki. Miren Amurizak atondutako 'Basa' eleberria jorratuko dute, eta idazlea saiora gonbidatuko. "Beharra genuen eta pozik gaude, beharrezko neurriak hartuta, elkarrekin egongo garelako", adierazi du Irakurle Txokoak ohar bidez.

Abendura bitarteko saioak ostegun arratsaldeetan egingo dituzte Irakurle Txokokoek. Urtea amaitu bitarte hiru saio antolatu dituzte, 18:30etik aurrera:

  • Urriaren 22an, Miren Amurizaren Basa eleberriaz jardungo dira. Idazlea bera saiora etorriko da.
  • Azaroaren 19an, Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak eleberria aztertuko dute, Irene Solarena.
  • Abenduaren 10ean, Maddi Ane Txoperenak idatzitako Ene baitan bizi da lana izango dute hizpide. Idazlea gonbidatuko dute.

Errifak eta bertso afari literarioa

Irakurle Txokoak jakinarazi du errifak salduko dituela ikasturte honetan, 2 euroan, egitaraua osatzeko finantzazioa lortzeko. Izan ere, COVID-19a dela eta, ezin izan dute urteroko txozna jarri sanpedroetan. Ogitartekoak saldu ohi dituzte bertan. Saria "berezia" izango dela aurreratu dute: Txakur Gorriak propio Irakurle Txokoarentzat egindako artelan segida bateko lau lamina, hain justu. Zozketa abenduaren 10eko saioan egingo dute, eta une horretan bertan jakinaraziko dituzte lau zenbaki sarituak.

Ikasturtean zehar ekintza gehiago antolatzen ditu Irakurle Txokoak. Otsail partean, esate baterako, bertso afari literarioa. Betiko formatuan antolatzeko arazoak izango dituztela aurreikusten dute egitasmoko kideek. Zehaztu dute ekitaldia "beste formatu batean" egiteko aukerak aztertzen ari direla, eta "ahalegin guztiak" egingo dituztela bertso afariari jarraipena emateko. Aurrerago jakinaraziko dute zer eta noiz egingo duten.