'NEURE KABUZ'

Teknologia

Aizpea Amas 2020ko urr. 16a, 08:00

“Zein ederki, momentu batean konektatuta zaudete!”. Nire amak ez dauka smartphone-rik, ez dauka ez Whatsapp ezta emailik ere. Duela 15 urteko zorion txartel bati argazkia atera eta unibertsitate garaiko lagunei bidaltzea miragarria da berarentzat. “Bai, oso erabilgarria da, ama, baina egun guztia sakelakoaren tonoaren bueltan pasatzen dugu”.

Teknologiak urte gutxitan bizitza goitik behera aldatu digu. Esaterako, hain zuzen, unibertsitate aroan, zenbat buelta ematen genituen idazkaritzatik beti paperen bat falta zelako. Orain, une batean, dokumentuari argazki bat atera eta klik batean bidaltzen duzu. Beste zerbait falta bada, berriz, (beti gertatzen da) amen batean arazoa konponduta.

Eta pandemian zer esanik ez: lanerako edo ikasteko emaila eta online plataformak; pelikula bat ikusteko, Netflix; lagunekin pote bat hartzeko bideo deia. Kontsulta birtuala, gimnasio birtuala, museo birtuala... Teknologiarik gabe ez zen posible izango.

Aitzitik, belaunaldien arteko arrakala handituz doa garapenarekin. Berrogeialdian, adibidez, faltan bota dut gurasoek smartphone-rik ez edukitzea. Esan gabe doa guraso edo amona-aitonak zaharren egoitzetan dituztenak, aurrez aurreko bisitarik ez, eta bisita birtualik gabe geratuko ziren asko, sakelakorik ezean.  

Teknologiak bizitza erraztearekin batera, haren morroi ere egin gaitu, ordea. Nire amak norbaiti opari bat egin nahi badio, dendara joaten da erostera; azken orduko albisteak entzun nahi baditu, irratia pizten du; kirola egin nahi badu, paseo bat ematera irteten da. Gauzak astiroago egingo ditu, baina lasaiago bizi da, askeago. Ez dizue inbidia apur bat ematen?