'NEURE KABUZ'

Aterik jo gabe

Gorka Lasa 2020ko urr. 9a, 08:54

Euria ari du, etengabe, atertu gabe. Inguruko mendi, haran eta bailarak lehor daude, egarriz, aspaldian ez baitu tantarik ere bota, eta ur falta handia somatzen da: belardiak ez dira berdetzen, behi gorriak larrean dabiltzala ia ez da antzeman ere egiten, eta hauek edaten duten aska inguruan ez dago zapaburu putzurik.

Aurten, basurdeak ere lehorretik dabiltza; sakon-zuloetako zingira lohi eta lokatzetan aztarka ibiltzeko aukerarik gabe.

Onddo sasoia ere badugu uda hondarra; ez da uzta oparorik, ordea. Bakarren bat edo beste ausartzen da zoru idorra estaltzen duen orbel artetik txapela kanporatzen, baina ezer gutxi. Masustak daude larrari itsatsiak beltz eta mardul, gozoan gozo. Baina orain euria ari du, erruz, aspaldiko partez.

Faltan sentitzen nuen euria. Leiho ondoan eseri eta euria nola egiten duen ikusi, zar-zar lurraren kontra erortzen entzun, euri ondorengo usaina, freskoa, bustia, hezea, lizuna,… eta nola ez, euri tantak ukitu; eskua leihotik kanpora atera eta blai egin, busti-busti egin hatzak zimurtu arte… euri-mina nuela esango nuke.

Baina eskua euritan nuela, ustekabean, izugarrizko hotzikara jabetu da nire gorputzaz eta dardarka batean hasi naiz hortzak ere dantzan jarriaz. Aulkitik altxa eta hotzetik babestuko nauen zerbaiten bila joan naiz hotzak akabatu aurretik. Sofa ondoan, han aurkitu dut amak oparitutako koadrodun manta, manta gorri-berdea, goxo-goxoa. Eta hauxe soinean hartu eta berriz eseri naiz leiho aurrean, euria nola egiten duen ikustera.

Sukaldeko ateari zirrikitu estu bat ireki zaio bapatean, non katu nabarrak burua lehenik eta isats tentea azkenik gorputz osoa pasa duen leunki igurtziz. Hau ere sukaldeko epelera hurbildu da hotzetik ihesi. Argi dago ate joka genuen udazkena baino negua sartu zaigula aterik jo gabe, katua bezala.