'Buruntzaldeko Gazte Sortzaileak' dinamika martxan jarri dute eskualdeko zenbait artegilek

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 7a, 09:00

'Buruntzaldeko Gazte Sortzaileak' dinamika martxan jarri dute eskualdeko zenbait artegilek, "inoiz baino garrantzitsuagoa" iruditzen zaielako "elkar ezagutzea, sareak eraikitzea eta proiektu amankomunak sortzea". Urriaren 16an aurkezpen presentziala egingo dute herrian.

Saretzea, elkar babestea eta dinamika amankomunak eratzea. Eskualdeko zenbait gazte elkartu egin dira eta Buruntzaldeko Gazte Sortzaileak dinamika sortu dute. "COVID-19aren ondorioz bizitako berrogeialdiak eta jarraian etorritako 'Normaltasun berrian' bizitzen ari diren egoera ziurgabeak mugitu gaitu", azaldu dute eskualdeko hedabideetara igorritako prentsa oharrean.

Salatu dute sistemak "aisialdi eta kontsumo produktu soil" bilakatu nahi duela kultura, eta, horren aurrean, "inoiz baino garrantzitsuagoa" dela kulturgile, sortzaile, artista eta kultur arloko langileak elkar saretzea eta euren nortasuna indartuko duen elkarguneak sortzea, euren eskubideak aldarrikatzearekin batera. "Isolamenduak argi utzi zuen artea eta kultura lehentasunezko alderdiak direla   gure bizitzetan, sorkuntza, argi izpi bilakatu zen bakardadez jositako zingira ilunean". 

Buruntzaldeko Gazte Sortzaileek diote artea dela "norbanakoak eta gizarteak astintzeko eta eraldatzeko gaitasuna duen motore iraultzailea". Horren aurrean, beraien iritziz ez da kasualitatea agintariek hartutako jarrera: "Itotzear den euskal kultur munduarekiko aitortza egin eta irtenbideak proposatu beharrean, berriz ere baztertuta utzi gaituzte".

Egoera horren aurrean erabaki dute artegileek Buruntzaldeko Gazte Sortzaileak dinamika martxan jartzea, arestian esan bezala, sareak eraiki, elkar babestu eta dinamika amankomunak eratzeko xedez.

Hiru helburu nagusi

Dinamika abian jartzearekin batera lortu nahi dituzten helburuak finkatu dituzte eskualdeko sortzaile gazteek: elkar ezagutu eta saretzea; euskal kulturgileak "kolektiboki kolpatzen dituen problematikari" modu bateratuan aurre egitea; eta inguratzen duen munduarekiko "kritikoa eta konprometitua" den kulturgilearen figura aldarrikatzea. 

Helburuetako bat, esan bezala, da eskualdeko sortzaile gazteek elkar ezagutu eta saretzea. Horretarako, plataforma digital bat diseinatu dute: Buruntzaldeko Gazte Sortzaileen Plaza. Nahi dute izatea artegileen topagune eta elkar harremantze tresna bat izatea. Plataforma horretan jasoko dituzte sortzaileen profilak, kultur ekimenen agenda, Buruntzaldeko Gazte Sortzaileak dinamikari buruzko azalpenak, proiektu eta artista berriak iragartzeko taulak, eta abar. Izena eman nahi dutenek plataforma digitalean bertan egin dezakete

'Buruntzaldeko Gazte Sortzaileen Plaza' izeneko plataforma digitala sortu dute

"Euskal kultura pairatzen ari den bazterkeria salatu nahi dugu; horri arnasguneak eskaintzeko ekimenak eta aldarrikapenak gauzatzea dagokigu", adierazi dute sortzaileek oharrean. Hori gauzatzeko, eskualdeko herriak zipriztinduko dituen artegintza dinamika eta gogoeta proiektuak gauzatu nahi dituzte.

Buruntzaldeako Gazte Sortzaileak dinamikaren aurkezpen presentzialak egiteko asmoa daukate artegileek. Lasarte-Orian, esate baterako, urriaren 16an egingo dute saioa, ostiralarekin, 18:00etan. Tokia zehazteke dago oraindik. Egun bat lehenago, 15ean, Hernanira joango dira, eta Usurbilera 22an. Arratsaldeko seietan hasiko dira saio horiek ere.

Erlazionatuak

Buruntzaldeako gazte sortzaileak ere, greban

NOAUA! - Txintxarri Aldizkaria 2020 api 21 Kultura