Gipuzkoako Foru Aldundiak Lasarte-Oria eta Txikierdi arteko bidegorria eraikitzeko proiektua onartu izana begi onez ikusten du Eguzki Talde Ekologistak, baina epeekin "eszeptikoa" da. Lanak esleitu eta urtea bukatu aurretik hastea da aldundiaren asmoa, eta 20 astetan eraikitzea bidegorria; milioi eta erditik gorakoa izango da aurrekontua. "2016an, orduko Mugikortasun diputatu Marisol Garmendiak iragarri zuen 'berehala' eraikiko zela bidegorria, baita alferrik iragarri ere", salatu du Eguzkik. "Oraingoan, baina, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak argitaratu du iragarpena; sinesgarritasun gehiago eman beharko diogu".
Lasarte-Oria eta Txikierdi arteko bidegorria eraikitzen hasteari "alde onak" ikusten dizkio talde ekologistak, "segun eta gauzak nondik begiratzen diren". Bidegorri "txikia" izango dela zehaztu du, kilometro bakarrekoa, eta "apala", ez baitu emango Errekalde-Luzuriaga zatiak ematen duen zerbitzua. "Lasarte-Oria eta Txikierdi arteko bidegorria begi bat gehiago izango da lurraldeko Bizikleta Bideen Planean aurreikusitako Donostia-Mutriko ibilbidearen katean, eta hori ona da, ezbairik gabe". Hori esanda, Eguzkik dio albistea ezin duela ontzat jo, Lasarte-Txikierdi zatia "2017rako amaituta" egon behar zelako, eta, Donostia-Mutriku ibilbidea, berriz, "2021erako oso-oso aurreratua".
"Lasarte-Txikierdi bidegorriak amaitua egon behar zuen 2017rako"
"Harrigarria eta lotsagarria"
Adjektibo horiek erabili ditu Eguzkik, definitzeko zer iruditzen zaion Lasarte-Oria eta Usurbil artean oinezkoentzako eta txirrindularientzako "lotura eroso eta batez ere segurua" ez egotea oraindik. "Datorren urtean norbait hasiko da pedalei eragiten Donostian Mutrikurantz barrena...eta Txikierdiraino baino ez da iritsiko. Usurbileraino bertaraino iristea bai izango zela albiste bikaina".
Eguzkiren aburuz, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana urratzen ari da foru aldundia: "Donostia-Mutriku ibilbidea osatzeaz hitz egiten egon behar genuenean, Lasarte-Txikierdi zatiaz ari gara". Plan hori 2013ko ekainean onartu zuten aho batez Batzar Nagusietan ordezkatuta zeuden talde politiko guztiek, talde ekologistak gogoratu duenez. "Planak zortzi urte aurreikusten ditu, bi laurtekotan banatuta, 2013-2017 eta 2017-2021, Planifikatutako Oinarrizko Foru Sarean egiteke dauden bidegorri-zatiak egiteko, sarea behingoz osatzeko". Epe hori bukatzeko urtebete falta denean, "gehiegi" dira egiteke dauden zatiak.
COVID-19a dela eta, oinezkoen eta txirrindularien mugikortasunak protagonismoa irabazi duela uste du Eguzkik. "Zoritxarrez, egoerak mugikortasun mota horri ematen dion potentziala erabat garatu ahal izateko oztopo bat da bidegorrien sarea amaitu gabe egotea Gipuzkoan. Europako Mugikortasunaren Astearen inguruko erretolika instituzionala sinesgarriagoa izango litzateke baldin eta Bizikleta Bideen Plana, oinarrizko proiektu bat, ia zeharo alboratuta ez balego".