UDAZKENEKO FESTA

Udazkeneko Festako sariak banatu dituzte Isla plazan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 1a, 10:11

Zumaburu auzoko Isla plazan elkartu dira saritu guztiak. Bertan jaso dituzte 500 zein 250 euro barnean zeramatzaten gutunak, Aterpea elkarteko kide eta udaleko Sozioekonomia batzordeburu Nuria Fernandezen eskuetatik. 3.500 euro banatu dituzte sarietan antolatzaileek.

Lasarte-Oriako komertzioetan erosteko ahalegina saritu du Aterpea elkarteak. Irailaren 23an egin zituen zozketak: 500 euroko bi sari eta 250 euroko hamar irabaz zitzaketen herritarrek. Astebete beranduago, Zumaburuko Isla plazan elkartu dira hamabiak, antolatzaileen eskuetatik sariak jasotzeko. Diru hori Aterpeako bazkide diren establezimenduetan gastatu ahalko dute.

Sole Villaronek eta Xabier Romerok irabazi dituzte 500 euroko bi sariak. 250 eurokoak, berriz, hauek: Neus Juradok; Txema Salvadorrek; Oihana Romerok; Luisa Ledok; Igor Lopezek; Maximiliano Manzanok; Espe Alvarezek; Juan Jose Molanok; James Rodgersek; eta Josune Iturriak. Pozarren jaso dituzte guztiek gutun saridunak, Aterpea elkarteko kideen eta Lasarte-Oriako Udaleko Sozioekonomia batzordeburu Nuria Fernandezen eskuetatik. Ekitaldia amaitu aurretik, argazkia atera dute guztiek elkarrekin.

Aterpeako zuzendaritza batzordeko kide Ramon Ormazabalek azpimarratu du "oso positiboa" izan dela aurtengo Udazkeneko Festa, eta bete dela helburu nagusia: herriko merkataritza txikian erosketak egitea. Nabarmendu du ekimena ez dela bukatu, Garaikoetxea-Landaberri zein Sasoeta-Zumaburu ikastetxeetako haurrek egindako marrazkiak eskegita daudelako Udazkeneko Festan parte hartu duten establezimenduetan. 650 marrazki bildu ditu Aterpeak aurten. Haurrek marraztu dute udako oporretan egin dutenari buruz. 

Udaleko Sozioekonomia batzordeburu Nuria Fernandezek gogoratu du erosketa bonuen kanpaina gaur hasi dela, eta hilabete amaierara arte iraungo duela, bonu guztiak lehenago erabiltzen ez badira. 5, 10 eta 20 eurokoak dira, eta parte hartzera animatu diren herriko komertzio, taberna eta zerbitzu enpresetan eskura daitezke. Era berean, Aterpeari eskertu dio herriko merkataritzaren alde egiten duen lana.

Erlazionatuak