Pandemiak eragindako egoeratik kaltetuak irten dira herriko merkatari, zerbitzu eta ostalariak. Kalte hori arindu eta laguntzeko asmoz, berriz, hainbat neurri hartu ditu udalak azken hilabeteotan, eta orain, urrian kontsumo bonuen kanpaina abiatuko duela iragarri du. Astearte eguerdian egin dute egitasmoaren aurkezpena Agustin Valdivia alkateak eta Nuria Fernandez Soziekonomia batzordeburuak.
Bi bonu ezberdin erosteko aukera izango dute bezeroek, baina inoiz ez, hiru bonu baino gehiago establezimendu bakoitzeko. Lehenik, merkatari eta zerbitzuetako establezimenduetan salduko direnak. 20 euroko balioa izango dute, baina 10 euroren truke erosi ahalko dituzte herritarrek. Ostalaritzako establezimenduek, berriz, 10 euroko balioa duten bonuak salduko dituzte, baina 5 euro ordaindu beharko dira horiek eskuratzeko. Alde hori (kanpainaren kostuaren erdia), udalak hartuko du bere gain. Horretarako 125.000 euro bideratuko dituzte kanpainara eta beste erdia, herritarrek erositako bonuen diruarekin osatuko da. Hortaz, guztira, 250.000 euroko "diru-mugimendua" sortu nahi dute herriko merkataritza, zerbitzu eta ostalaritzan.
Hilabete bat
Urriaren 1ean jarriko da martxan egitasmoa eta 31n amaituko da, eta, guztira, 125 establezimendu (54 merkatari, 30 ostalari eta 41 zerbitzu) batu dira kanpainara. Zenbait betebehar ere izango dituzte kanpainan parte hartuko duten establezimenduek; kanpaina hasterako, establezimendu horietan (parte hartzaileetan) kontsumo bonuak erosi daitezkeela iragartzen duten kartelak jarri beharko dituzte, eta, bonuak amaitzean, berriz, udalari jakinarazteaz gain, agortu zaizkiela azaltzen duen kartela jarri beharko dute.
Azken kanpaina horren bidez, herriko ekonomia suspertzeaz gain, herritarrak Lasarte-Orian erostera bultzatu nahi ditu udalak