IRITZIA

Itxialdia

Garai batean auzi baten inguruko protestan egiten ziren itxialdiak. Gogoan ditut ur botila hutsak protagonista izan zituenekoak, esaterako. Itxialdiak beste kutsu bat hartu du ordea azken hilabete hauetan. Hasteko, ez da norberaren hautu, adituek eta agintariek ezarritako neurria baizik eta agindutako beste edozer bezala aldapa gorako gertatzen da halako zerbait. 

Gainera, orain itxialdi “kirurjikoak” ari dira gertatzen, hau da, ez da gizarte osoa etxeratuta dagoena, familia bat, ikastolako gela bat, edo eta lagun talde txiki bat. Zer esan nahi dut horrekin? Ba, mundu osoa itxaldian dagoela jakiteak halako animo sozial bat eragiten duela, komunitate uste bat. Aldiz, norbera bakarrik dagoenean etxe barruko pareta gutxi batzuren mugapean isolatuta, nekezagoa egiten da egoera, leihotik edo terrazatik gainerako lasartearrak kalean ikusten dituzulako bizitza normala egiten, azkenaldikoa, bizitza normaltzat jo badaiteke behintzat. Sikologia kontua da, noski. 

Martxotik aurrerako isolamendu globala berritasuna izan zen, aurretik ezagutu gabekoa eta bere txarrean, majikoa nahi baduzue. Oraingo itxialdiek ez dute batere xarmarik, zin dagizuet. Berriz ere kalean garen honetan, bigarren isolamenduaren ondorioak dira orain protagonista: inorekin geratzerakoan distantziaren konszientzia, elkar ikutzearen apuroa eta halakoak. Zergatik? Bigarren itxialdian egon garenok ez dugulako berriz ere kalera irtetzeko aukerarik galdu nahi. Ez da zekentasuna, autodefentsa da.