HAPO PLANA

Etorkizuneko herri-eredua zehazten

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 16a, 14:43
Saio ireki honetan aurrerapen dokumentuaren puntu garrantzitsuak aurkeztu eta herritarren ekarpenak jaso dituzte.

Lasarte-Oriako Udalak 2005etik indarrean dauden Arau Subsidiarioak berritu eta HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokor bihurtzeko prozesuari ekin dio. Saio ireki bat egin dute astearte arratsaldean, aurrerapen-dokumentua aurkeztu eta bertaratu diren lasarte-oriatarren ekarpenak jasotzeko. Hurrengo saioa urriaren 22an egingo dute, eta tailer telematiko batzuk antolatu dituzte datozen bi asteetarako.

Lasarte-Orian indarrean dauden Arau Subsidiarioak –2005eko martxoaren 8tik– HAPO plan bihurtzeko prozesuak aurrera darrai. Beste saio ireki bat egin dute kultur etxean, aurrerapen-dokumentua aurkezteko eta bertaratu diren herritarren ekarpenak jasotzeko. Plana erredaktatzen ari den zuzendaritza taldeko kide Santi Peñalbak laburtu ditu puntu nagusiak, eta herritarren galderak ere erantzun ditu, nahiz eta pandemiak eragindako egoeragatik interbentzioak egiteko tartea murriztu egin behar izan duten. Iradokizunekin txosten bat landuko dute gero. Bertaratu ezin izan zuten pertsonek telematikoki iradokizunak egiteko aukera izango dutela zehaztu dute aurkezpen horretan. Horrez gain, alegazioak aurkezteko epea ere zabalik dago, urriaren 31ra arte, larunbata. Udal Erregistroan edo telematikoki aurkeztu ahalko dituzte lasarte-oriatarrek. 

Datozen 15 urteetarako

HAPO planak zehaztuko du datozen 15 urteetarako udal-plangintza orokorra nola izango den, zein herri-ereduren alde egingo den eta nola garatuko den. Aurrerapen-dokumentu horretan hainbat alternatiba jaso dituzte, eta herritarrei aukera ematen ari zaie ekarpenak egiteko. 0 fasea da honako hau. 

Beste saio ireki bat egingo dute urriaren 22an, ostegunarekin, kultur etxean, 18:00etan. HAPO plana idazterakoan hartu beharreko irizpide orokorrei buruz eztabaidatuko dute. Esteka honetan izena eman behar da parte hartu ahal izateko.

Tailer telematikoak

Saio irekiez gain, tailer telematikoak ere prestatu dituzte.  Irailaren 22an, 24an eta 29an eta urriaren 1ean egingo dituzte, 18:00etan hasita, Jitsi Meet aplikazioaren bitartez, helbide honetan. Egitaraua, hauxe:

Irailaren 22an, asteartez, 18:00etan Mugikortasun jasangarriaren eta irisgarritasunaren eredua
Irailaren 24an, ostegunez, 18:00etan Hiria eta genero berdintasuna
Irailaren 29an, asteartez, 18:00etan Hiria eta bizi-kalitatea
Urriaren 1ean, ostegunez, 18:00etan Lasarte-Oria bere auzoetatik

Lasarte-Oriako Udalaren web orrialdean informazio gehiago