2. MENDI FESTA

Lasarte-Oria Trail: "Herriak Mendi Festa bezalako ekitaldiak behar ditu"

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 15a, 12:46
Mercero gunean aurkeztu dute 2. Mendi Festa Lasarte-Oria Trail elkarteko zenbait kidek.

Lasarte-Oria Trail elkarteak 2. Mendi Festa ospatuko du irailaren 27an, igandearekin. COVID-19ak eragindako egoera tarteko, "protokolo zorrotz bat" diseinatu eta ekitaldia aldatu behar izan dute, baina aurkezpenean adierazi dute "oso ilusionatuta" daudela eta euren esku dagoen guztia egingo dutela herritarrek mendiaz goza dezaten. Izena emateko epea zabalik dago. Presentzialki inskribatzeko aukera emango badute ere, parte hartu nahi dutenei gestio hori Internet bidez egiteko eskatu diete.

"Aire zabalean mendiaz gozatzea sustatzen duten ekitaldiek lagundu egingo liokete herriari gure ustez", adierazi dute Lasarte-Oria Trail elkarteko kideek 2. Mendi Festaren aurkezpenean. Bilera mordoa egin eta ordu luzez hausnartu ostean, aurtengo edizioari eustea erabaki dute, baina moldaketak eginda. Esate baterako, bertan behera utziko dute Ttipi-Ttapa martxa, heldu zein haurrei zuzendua. "Izugarrizko pena ematen digu, baina egoera ikusita, erabaki zentzudunena dela iruditzen zaigu". 

Martxa luzea edo motza egin ahalko dute parte hartzaileek. 28,5 kilometrokoa izango da luzea, eta 1.400 metroko desnibel positibo metatukoa. Hiru mendi igoko dituzte: Andatza, Belkoain eta Buruntza. 07:30ean aterako dira distantzia horretan izena eman duten pertsonak, Okendo plazatik. 15 euro balio du inskripzioa egiteak. Online egin daiteke esteka honetan. 

Martxa motza moldatu egin dute antolatzaileek. "Iaz kexatu egin ziren parte-hartzaile batzuk, gogorregia iruditu zitzaielako, eta ibilbidea zertxobait leuntzea erabaki dugu, aldapa batzuk kenduz", azaldu dute aurkezpen prentsaurrekoan.  13,5 kilometro eta 600 metroko desnibel positibo metatukoa izango da ibilbidea; martxalariak 09:00etan aterako dira Okendotik. 15 eurogatik izena eman daiteke esteka honetan.

Hasiera batean 500 pertsonara arteko proba bat antolatzeko prest zeuden, baina azkenean iazko kopuru berera mugatzea erabaki dute, 300 martxalarira. "Iazko edizioa arrakastatsua izan zen, ongi moldatu ginen dena kontrolatzeko, eta nahiago izan dugu ezagutzen dugun hori erreferentziatzat hartu".

Protokolo "zorrotza"

Botak, motxilak, makilak...eta maskarak ere bai. Derrigorrezkoa izango da musukoak janztea hiriguneetan eta ibilbideetan zehar egongo diren anoa postuetan, Lasarte-Oria Traileko kideek nabarmendu dutenez. Mendian ibili bitartean, ordea, ez, batez ere parte hartzaileak bakarrik badoaz edo nahikoa distantzia badago. Taldean joan eta beste multzo batekin topo eginez gero, maskara janztea gomendatu dute. "Parte-hartzaileei zentzudunak izan daitezen eskatzen diegu". 

Segurtasun-distantziak mantentzea ere asko zainduko dute antolatzaileek. Onartu dute irteera puntuetan hori bermatzea izango dela zailena, helmugaratzea bezain mailakatua izango ez delako. Parte-hartzaile guztiei tenperatura hartuko diete atera aurretik, eta, baten batek ezetz esaten badu, ez zaio irteten utziko. "37,1 gradu baino gehiago emanez gero, bizpahiru aldiz gehiago hartuko zaio tenperatura pertsona horri, eta tenperatura bera emanez gero, besteengandik aldendu eta ez zaio parte hartzen utziko".

Gel hidroalkoholiko poteak jarriko dituzte irteera-gunean zein anoa postuetan. Bertan jarriko dituzten jakiak ezingo dira manipulatu, eta derrigorrezkoa izango ez bada ere, eskularruak jantzi ahalko dituzte parte-hartzaileek. Proban zehar zigilatu beharreko txartela jasotzen dutenean, proba hasi aurretik, "martxa osoan zehar" erabiltzeko edalontzi bat ere emango diote antolatzaileek parte-hartzaile bakoitzari.

Parte-hartzaile bakoitzari edalontzi bat emango diote proba hasi aurretik, martxa osoan zehar erabiltzeko

"Oso eskertuta gaude"

Pandemiak eragindako egoera oztopoa izan da Mendi Festa antolatzeko, baina aukera ere bai. Ekitaldiari "buelta bat" eman dio Lasarte-Oria Trailek, herriari "ahal den heinean" laguntzeko. Esate baterako, aurten ez dituzte pintxoak eta edariak eskainiko Okendon. Horren ordez, parte-hartzaile bakoitzak txartel bat jasoko du, Lasarte-Oriako zenbait tabernatan pintxo bat jan ahal izateko. Horrez gain, opari eta bestelako zozketak egingo dituzte. "Iaz baino are gauza gehiago eskaini ahalko ditugu; ikaragarria izan da herriko komertzio eta ostalarien erantzuna, oso eskertuta gaude".

Mendi festaren aurkezpenean kamiseta urdin batzuk jantzi dituzte Lasarte-Oria Traileko kideek. Aurreratu dutenez, irailaren 27an horrelako elastiko bat emango diote parte hartzen duen pertsona bakoitzari.

Izan Iñurri egitasmoko kideek postu bat jarri zuten iaz, euren egitasmoaren berri eman eta produktuak saltzeko. Lasarte-Oria Traileko kideek baieztatu dute aurten errepikatu egingo dutela. Era berean, beste elkarte batzuei ere eskaini diete aukera, eta erantzunaren zain daude.

Erlazionatuak

2. Mendi Festaren protokoloa: jarraibideak

Txintxarri Aldizkaria 2020 ira 15 Kirola

Lasarte-Oriako Mendi Festa: 1. zatia

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 ira 29 Kirola

Lasarte-Oriako Mendi Festa: 2. zatia

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 ira 29 Kirola

Lasarte-Oriako Mendi Festa: 3. zatia

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 ira 29 Kirola