Astearte arratsaldean aurkeztuko dute HAPO planaren aurrerapen dokumentua, kultur etxean

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 14a, 13:05

HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren idazketa prozesua martxan dago. Aurrerapen dokumentua aurkeztuko du bihar Lasarte-Oriako udalak, irailak 15, 18:00etan, kultur etxean. Herritarrek parte hartu dezakete saio horretan; aurkezpena bukatzen denean, ekarpenak eta gogoetak egin ahalko dituzte.

HAPO plan berria bost fasetan prestatuko du Lasarte-Oriako Udalak. 0 fasea uztailaren 2an hasi zen, Alkatetzak herritarren parte-hartzea bermatzeko programa onetsi zuenean. Horren baitan, bi saio presentzial egingo dituzte datozen asteetan. Lehenengoa, bihar arratsaldean, kultur etxean, 18:00etan. Aurrerapen dokumentua aurkeztuko du udalak, eta, bukatzean, bertaratzen direnei eman nahi die hitza, ekarpen eta gogoetak egin ditzaten. Dokumentu hori erakusketa publikoan egongo da urriaren 31ra arte, larunbatez, udaletxean.

Bigarren saio presentziala urriaren 22rako aurreikusi dute, osteguna, toki eta ordu berean: kultur etxean, 18:00etan. Aurrerapen dokumentuari buruz eta HAPO planaren idazketan hartu beharreko irizpide orokorrei buruz eztabaidatuko dute. 

Tailer telematikoak

COVID-19ak eragindako egoera tarteko, 0 faseko tailerrak telematikoki egingo dira eta ez presentzialki, Jitsi Meet aplikazioaren bitartez, https://meet.jit.si/lasarte-oria-hapo helbidean.

Irailaren 22an, asteartez, 18:00etan Mugikortasun jasangarriaren eta irisgarritasunaren eredua
Irailaren 24an, ostegunez, 18:00etan Hiria eta genero berdintasuna
Irailaren 29an, asteartez, 18:00etan Hiria eta bizi-kalitatea
Urriaren 1ean, ostegunez, 18:00etan Lasarte-Oria bere auzoetatik

Tailerrak bukatu eta hurrengo egunean, urriaren 2an, ostiralarekin, 18:00etan, paseo bat egingo da Oria ibaiaren ertzean zehar, udalerriak bere ibaiarekin duen harremanari buruz gogoeta egiteko. Gainera, erakusketa bat egingo da material grafikoarekin eta testuekin. Eskura dagoen informazio guztia dokumentu batean jaso eta lasarte-oriatarren etxeetara bidaliko duela jakinarazi du udalak.

Prozesuaren faseak

Orain irekita dagoen fasea bukatuko da kontsulta-prozesuan zehar egindako ekarpen eta iradokizunekin txosten bat egiterakoan. Ondoren 2. fasea hasiko da, udalbatzarrak HAPOaren dokumentu berriari hasierako onespena ematen dionean. Dokumentua bi hilabetez ikusgai jarriko du udalak, eta parte hartze prozesuarekin jarraitu, herritarrei informazioa eman eta parte hartzeko aukera eskainiz.

3. fasean behin-behinean onartuko du udalbatzarrak HAPOaren dokumentua. Organo eskudunei arauzkoak diren txostenak eskatuko zaizkie. Beranduago, 4. fasean, behin betiko onartuko du udalbatzarrak txostena, eta amaierako dokumentuaren berri emango zaie lasarte-oriatarrei.