COVID-19

Hemeretzi kasu positibo erregistratu dituzte asteburuan Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 7a, 14:14

Asteburuan herriz herri erregistratutako kutsatzeen berri eman du gaurko txostenean Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Lasarte-Orian hemeretzi positibo atzeman dituzte, hamazazpi larunbatean eta bi igandean. Iraila hasi zenetik 55 kasu detektatu dituzte herrian. Bihartik aurrera, Osasun Zentroak Loidi-Barren pilotalekuan egingo ditu PCR probak, 13:00etatik 15:00etara. 

Beterri-Buruntza eskualdeko udalerri gehienetan erregistratu dituzte kutsatzeak irailaren 5ean eta 6ean. Lasarte-Oriakoez gain, beste 23:

  • Hernanin, hamahiru (zazpi larunbatean eta sei igandean)
  • Astigarragan, bost (hiru eta bi)
  • Andoainen, lau (bina egun bakoitzean)
  • Urnietan, bat (larunbatean)

Abuztuko joerak bere horretan dirau Lasarte-Orian irailean. Aurreneko sei egunetan 55 kasu positibo atzeman dituzte, eguneko bederatzi pasatxo. Momentuz, irailaren 5ean erregistratu dituzte gehien, hamazazpi. TXINTXARRI aldizkariak hilabeteroko kasuak alderatuz honako grafika hau egin du:

EAEko datuak

Irailaren 6ko datuen berri ere eman du Osasun Sailak. 513 kasu erregistratu dituzte EAEko hiru lurralde historikoetan: 299 Bizkaian, 162 Gipuzkoan eta 35 Araban. Beste hamazazpiak erkidegotik kanpo bizi dira. 6.190 PCR proba egin dituzte, bezperan baino 1.000 gutxiago, eta proben %8,28 izan dira positiboak. 

280 pertsona ospitaleratuta daude koronabirusagatik; horietatik 49, ZIU Zainketa Intentsiboko Unitateetan. R0 tasa 0,97koa izan zen atzo. Kopuru hori 1etik gorakoa izanez gero, birusa zabalkunde egoeran dagoela esan nahi du.