IKASTURTE HASIERA

Zenbait espazio eskaini dizkio udalak Hezkuntza Sailari, "ikasturtea modu presentzialean hastea ahalbidetzeko"

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 3a, 10:11
Besteak beste, udalak Gaztelekua erabiltzea eskaini dio Hezkuntza Sailari.

Lasarte-Oriako Udalak iragarri du Hezkuntza Sailak egindako eskaerari baietz esan diola, eta espazioak eskaini dizkiola ikasleek kurtsoa presentzialki hasi ahal izan dezaten: Euskaltegi zaharra, kultur etxea, Gaztelekua eta Oztaran eta Kaxkarroko ikastetxeak.

Aurtengo ikasturtea era presentzialean hasten laguntzeko xedez, Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi du zenbait espazio utzi dizkiola Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari, Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak EAEko udalei eskatutakoari erantzunez. Hauek dira: Oztaran eta Kaxkarroko ikastetxeak –honezkero Hezkuntza sailari utzita daude, eta "erabat operatibo"–, Euskaltegi zaharra, Manuel Lekuona kultur etxea eta Gaztelekua. Udalak adierazi du "beharrezkoa" dela zenbait ikasle espazio berri horietan birkokatzea, osasun protokoloan ezarritako baldintzak tarteko, egoerak "normaltasunera itzultzea" ahalbidetzen duen arte.

Kirola egin eta jolasteko

Ekipamendu horiez gain, "kirol jarduetarako zein jolaserako" beste espazio batzuk eskaini dizkio udalak Hezkuntza Sailari: Michelingo kirol-gunea, Loidibarrengo frontoia, Oriako pilotalekua, Zabaletako frontoia eta Mirentxuko trinketea.

"Oso garrantzitsua da ikasleek presentzialki hastea aurtengo ikasturtea, baldintza berdinetan, hezkuntza baita ongizate estatuko oinarrizko zutabeetako bat", nabarmendu du Lasarte-Oriako Udalak ohar bidez. Instituzio guztiek "koordinatuta" lan egin behar dutela azpimarratu du, pandemiak sortutako egoera konpontzeko "bide eraginkor bat" topatu arte.