2020-2021 ikasturterako eskola materiala erosteko diru laguntzak aurkeztu ditu udalak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ekainaren 17a

Uztailaren 1etik irailaren 30era arte egin beharko dira erosketak, Lasarte-Oriako dendetan, eta ziurtagiriak aurkeztea ezinbestekoa izango da

40.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten familiei bideratuta dago udalaren eskola materiala erosteko diru laguntza. Orain arte 10.000 euro bideratu badituzte ere, aurten, Koronabirusak familia zaurgarrienetan izan duen eragina ere kontuan hartu dute, eta 20.000 euro zuzenduko dituzte.

Lehen eta Bigarren Hezkuntzako haurrak dituzten familiei laguntzea da udalaren helburuetako bat, baina horrekin batera, herriko komertzioak babestea; hain zuzen ere, erosketak herriko dendetan egitea ezinbesteko baldintza baita.

Herritarrek jaso ditzaketen zenbatekoak

Laguntzak, gehienez, 110 euro, 90 euro edo 50 eurokoak izan daitezke, familia unitateko kide guztien errentan oinarrituta. 

1.- Urteko diru-sarrera gordinak 25.000 euro artekoak dituzte familientzat, gehienez, 110 euro.

2.- Urteko diru-sarrera gordinak 25.001 eta 33.000 euro artekoak dituzten familientzat, gehienez, 90 euro.

3.- Urteko diru-sarrera gordinak 33.001 eta 40.000 euro artekoak dituzten familientzat, gehienez, 50 euro.

Diru laguntza jasotzeko eros daitekeen materiala

1.- Idazmahaiko materiala eta suntsikorrak: arkatzak, boligrafoak, borragomak, klipak, zorrozkailuak, erregelak, eskuairak, kartaboiak, garraiagailuak, rotringak, koadernoak, folioak, informatikako kontsumigaiak.

2.- Material ez suntsikorrak: Karpetak, sailkagailuak, artxibagailuak, estutxeak, kalkulagailuak, konpasak, eskolako motxilak, orri-bereizgarriak, testuliburuak (testu-liburuen eta curriculum-materialaren eta material digitalen kudeaketa solidarioko programakoak barne)

3.- Eskolara joateko beharrezkoak diren jantziak: Eskola uniformea (eskolako amantala barne), betaurreko edo lentillak, heziketa fisikoa egiteko kiroleko arropa eta oinetakoak.

4.- Eskulanetarako elementuak, heziketa artistikoan, heziketa plastikoan eta bisualean, teknologietan edo musikan aritzeko materiala. 

5.- Teknologia berriak, ekipo informatikoak, hardware eta software mota guztiak.

Erosketak egiteko eta diru laguntza eskatzeko epeak

Uztailaren 1etik irailaren 30era bitarte egindako erosketak lagunduko ditu udalak. Hori bai, diru laguntzak eskatzeko eskaera orriarekin batera, herriko dendek emandako tiket edo faktura sinplifikatuak aurkeztu beharko dira.  Diru laguntza eskaerak aurkezteko epea, berriz, irailaren 1ean zabaldu eta urriaren 1ean amaituko da.

Datozen egunetan jasoko dute herritarrek etxeko buzoietan, diru laguntzen inguruan informazio gehiago azaltzen duen eskuorria.