COVID-19

Hamabi positibo berri Lasarte-Orian azken 24 orduetan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 2a, 13:28

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren datuen arabera, Lasarte-Orian hamabi positibo berri erregistratu dituzte irailaren 1ean, abuztu amaierako joerari jarraituz. EAEn ere igo egin da positibo kopurua, 546 hiru lurraldeetan, eta PCR proba gehiago egin dituzte, 8.887 guztira. 

Irailaren 1ean Gipuzkoan atzemandako kasu positiboetatik hamabi Lasarte-Orian detektatu dituzte, Osasun Sailak gaur prestatu duen txostenaren arabera. Pandemiaren aurreneko hilabeteetan pertsona gutxi kutsatu zituen koronabirusak gurean, baina abuztutik hona aldatu egin da joera hori, eta nabarmen ugaritu dira kasu positiboak, baita iraileko aurreneko egunean ere. Alkateak atzoko prentsaurrekoan adierazi zuenez, udaletik espero zuten abuztu erdialdean erregistratutako kasuek segida izatea. "Osakidetzak adierazi zigun kasuek gorantz egiten jarraituko zutela". Udako oporraldiarekin lotutako kasuak direlakoan dago udala. PCR proba egin nahi duten herritarrak Okendo plazako arkupeetara joan daitezke.

Beterri-Buruntza eskualdean 24 kasu atzeman dituzte irailaren 1ean. Lasarte-Oriako hamabi horiez gain, bederatzi Hernanin eta beste hiru Urnietan. Bakar bat ere ez Usurbil, Andoain eta Astigarragan.

Kutsatzeak gora EAEn

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan abuztuaren 31n baino positibo gehiago detektatu dituzte iraileko aurreneko egunean: 91, 246 eta 163, hurrenez hurren. Beste 46 pertsona kutsatuak erkidegotik kanpo bizi dira. Astelehenean baino PCR proba gehiago egin zituzten atzo, 8.887. Pertsona gehiago daude ZIU unitateetan ospitaleratuta (+6), eta 61 ingresatu zituzten atzo. Duela aste batzuk datuak emateko modua aldatu zuen Osasun Sailak, eta ez du zehazten zenbat pertsona sendatu diren eta zenbatek jaso duten alta.