Koronabirusak eragindako pandemia iritsi zenetik, positibo gehien erregistratu diren hilabetea izan da abuztua, Lasarte-Orian. Igoera nabarmena izan dute positibo kasuek azken hilabetean; Osakidetzaren datuen arabera, 113 positibo zenbatu dira Lasarte-Orian, abuztuan. Egoera hori abiapuntu hartuta, azken hilabeteko datuen bilakaeraren inguruko informazioa eman du astearte eguerdian, prentsaurrean, Agustin Valdivia alkateak.
Datuen inguruko informazioa eman aurretik, azken hilabeteko gorakadekiko kezka azaldu du alkateak, eta herritarrei dei egin die birusari aurre hartzeko neurriak hartzen jarrai dezaten.
Jakinarazi duenez, Osakidetzaren Lehen Mailako Arreta zerbitzuarekin etengabeko harremanean dago Valdivia, eta haien bitartez jasotzen ditu herriko datu eguneratuak. Horrela jakin zuen abuztuaren 22ko hamabi positiboen berri. Dei horretan jakinarazi zioten baita ere, kutsatutako dozena herritar horiek guztiak Donostiako bi diskotekatan gertatutako kutsatzearekin zuzeneko lotura zutela: "Lasaitasun mezua helarazi zidaten Osakidetzatik; guztiak kontrolatuta zeudela eta konfinatuta zeudela".
Lehen gorakada horren ostean, positibo gutxi batzuk izan ziren ondorengo egunetan, baina, abuztuaren 25etik aurrera, berriro ere kasuek goranzko joera hartu zuten: "Azken positibo hauek, abuztuaren 22koekin gertuko harremana zutelako gertatu direla azaldu dit Osakidetzak; espero zutela positibo gehiago agertzea".
Kasuek, ordea, gora egiten jarraitu dute ondorengo egunetan ere, eta oporraldi garaiarekin lotu ditu alkateak; azaldu du herritik kanpo ibili diren zenbait lasarte-oriatar kanpotik etorri direla kutsatuta. Adibide zehatz bat ere jarri du: "Hiru bizilagun dauzkagu Tuterako (Nafarroa) Uvesa lantegian izandako agerraldiak eragin dienak".
Pandemia hasi zenetik, "zorte ona"
Amaitu berri den hilabetean positibo kasuen nabarmen gora egin badute ere, abuztura arteko hilabeteetako bilakaera ere ekarri du gogora alkateak: "Pandemia hasi zenetik, zorte ona izan dugu; biztanleria kontuan hartuta kasu gutxienetarikoa izan duen herrietako bat izan da Lasarte-Oria".
Osakidetzatik kasuek gorantz egiten jarraituko zutela adierazi zioten arren, azken lau egunetan orain arteko goranzko joerak beherantz egin duela azaldu du. Astearteko datuen arabera (astelehenean egindako PCRak kontuan hartuta), ez da kutsaturik berririk erregistratu.
PCR probak Mercero plazan
Herritar baten kexa dei bat jaso zuen, abuztuan, Valdiviak. Dei horretan, anbulatoriora PCR probak egitera joaten ziren erabiltzaileak eta gainerako erabiltzaileak errenkada berean pilatzen zirela jakinarazi zion herritarrak. Horrela, osasun zentroko langileekin hitz egin eta irtenbide bat bilatzeko asmoz, PCR probak egiteko lekua aldatzeko erabakia hartu dute. Hortaz, abuztuaren 25etik aurrerako PCR probak Okendo plazako udaletxe azpiko arkupeetan egiten ari dira. Horrekin batera, aurreratu du, etorkizunean PCR proba masiboak egitea tokatuko balitz, Loidibarrengo pilotalekuan egingo dituztela.
Pandemia iritsi zenetik, arazoei konponbideak aurkitzeko ahaleginetan ari direla ere gogorarazi du. Orain arte diseinatutako laguntzak gogorarazi ditu, besteak beste, familiei eta establezimenduei zuzendutakoak. Guztira 214 familia atenditu dituzte eta horietatik 91ri lagundu diete. Guztira, 111.000 euro bideratu dituzte familiei laguntzeko diru-laguntza lerrora. Tabernei eta komertzioei dagokienean, berriz, 237 establezimendu lagundu dituzte, guztira, laguntza horietara, 229.600 euro bideratuz.
Neurriak errespetazen jarraitzeko deia
Ikasturte berriarekin batera, orain arteko martxari eusteko eskaera egin die herritarrei. Horrela, maskararen erabilerari eusteko eskaerarekin batera, eskuen garbitasunean arreta jartzeko eta segurtasun distantziak mantentzeko deia luzatu die.