UDAKO TXOKOAK

Ttakun KEren zuzendaritza eta Udako Txokoetako begirale taldearen ohar bateratua

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 30a, 20:35

Ttakun Kultur Elkarteko zuzendaritza eta Udako Txokoetako begirale taldea adostasun batera iritsi dira gaur arratsaldean, azken egunetan izan duten gatazkari irtenbidea emateko. Jarraian irakur dezakezue ohar bateratua, oso-osorik.

"Alde batetik, izan diren komunikazio eta administrazio arazoak konpontzeko konpromisoa hartu du Ttakun Kultur Elkarteak, hezitzaileek beren jardunaren hasieran jasotzen duten informazioa hobetu eta jardunaren zehar dagoen komunikazioa zehatzagoa eta arinagoa izan dadin. Irailetik aurrera dauden programatan eta batez ere Udako Txokoei dagokionean, hezitzaileekin harremana hobetu behar dela garbi ikusi dugu. Beste alde batetik, akordio ekonomiko batera ere iritsi gara, soldatei dagokionez. Hala ere, adostasun batera iritsi arren hezitzaileak behar bezala baloratuak sentitu ez direla aipatu nahi da, eta horrek eragindako mina ez da guztiz ezabatua izan.

Bai Ttakuneko zuzendaritzatik eta baita Udako Txokoetako begirale taldetik egoera hau inorentzat ez dela erosoa izan adierazi da, denok dakigu uztaila hilabete zaila izan dela eta hainbat gauza hobetu litezkeela, eta hobetzeko konpromisoa hartu da.

Bestalde, Ttakun Kultur Elkartetik eskerrak eman nahi dizkizuegu Txokoak etenda egon diren egunei dagokion matrikularen zati proportzionalari uko egiteko prestutasuna adierazi duzuen gurasoei. Eta zalantzarik gabe gurekin Txokoetan egon zareten haur, guraso, hezitzaile, koordinatzaile eta lan talde osoari egindako esfortzu izugarriagatik, Lasarte-Oriako Udaleko Zerbitzu Publikoen eta Kirolen Sailei espazioekin emandako laguntzagatik eta oro har, Udako Txokoak aurrera ateratzen lagundu duzuen denei ere".
Erlazionatuak