UDAKO TXOKOAK

Ttakun KEren Udako Txokoetako begirale taldearen idatzia

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 29a, 14:21
Begirale taldeak protesta ekintza egin du asteazken eguerdian Okendo plazan.

Ttakun Kultur Elkarteak antolatu dituen Udako Txokoetan lanean ari diren begiraleek idatzi bat bidali dute TXINTXARRI aldizkariaren erredakziora. Ttakunen zuzendaritzari idatzi diote. Jarraian irakur dezakezue, oso-osorik.

"Ez da berria Udako Txokoetako begiraleok pairatu behar ditugun baldintza prekarioen egoera. Horri gehitu behar zaio Covid-19ak sortutako krisiak baldintza hauek oraindik eta okerragoak izatera eraman dituela.

Hasteko, azpimarratu nahi dugu gaur, uztailak 28, oraindik ez dugula inolako kontraturik sinatu. Honek, ziurgabetasun egoera batean egotera behartzen gaitu, gure lan baldintzak, soldata, oporrak, ordu kopurua etab. zeintzuk diren ondo jakin gabe.

Bestalde, Ttakun Kultur Elkarteak begiraleekiko izan duen komunikazio falta eta jarrera desegokia salatu nahi dugu. Izan ere, protokoloa momentuoro betetzea ezinezkoa izan genuenean arreta deitzeko bildu gintuzten, gure lanpostuarengan abisu honek ondorio zuzenak izanik, eta aitzitik, beste erabaki garrantzitsu batzuetarako ezjakintasun batean utzi gaituzte azken unerarte.

Horrez gain, Ttakunek ezarritako protokoloak zehazten zuen gisan, uneoro begiraleon segurtasuna zein osasuna bermatu beharrean, udalarekiko, herriarekiko eta gurasoekiko itxura ona mantendu nahi izan du elkarteak, gure ongizatea bigarren mailan utziz, begirale bakoitzak protokoloak zehaztu baino haur kopuru handiagoa izanik. Zuriketa honek, begiraleok babesik eta informaziorik gabe eta ezjakintasunean egotera behartu gaitu.

Gainera, Eusko Jaurlaritzaren gomendioz udako txokoak bertan behera geratzeko erabakia hartu zuen elkarteak aurreko astean zehar. Ondorioz, begiraleok horri dagokion soldata kobratu gabe geratu gara, langileon opor eskubideak urratuz eta gure borondatearen kontra ausentzia egoeran jarriz, guk disponibilitate osoa erakutsi arren. Gurasoei denbora tarte horri dagokion dirua itzuli zaien bitartean.

Azkenik, gure desadostasuna eta haserrea adierazi nahi dugu uztailak 28an Ttakuneko arduradunekin eginiko bileran jaso genuen erantzunarekin, argitu gabeko galdera ugarirekin egin genuelako topo eta gure iritziari baliorik eman ez zielako".