SANTA ANA EGUNA

Sutan kiskali dituzte Tapia eta Ezleturia

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 27a, 16:21

Santa Ana eguneko parodiak ohiko egoeratik urruti bada ere, izpiritu berari heldu dio. Kultur etxetik zeruarekin (in the Skype) eta herriko beste txoko batzuekin konexioak eginez, urteari errepasoa egin diote kritikaz zipriztindutako umorez. Ordu eta erdi luzatu den ikuskizunak koronabirusaren eragina izan du ardatz, eta haien (ustezko) erantzuleak, protagonista.

70 urte ez dira egunero betetzen eta Santa Ana parodiari testuinguru arraroa egokitu zaio zenbaki biribil hori urratzeko. Parte hartzen duten herritarrak aurrera luze jarraitzeko gogoz daude, baina “Okendon, normaltasunez”. 2020ak zerbait izango ez badu (ezta izango ere) , horixe da, normaltasuna. COVID-19ak eragindako falta horrek isla ugari izan ditu aurtengo parodian: lekuan, egituran eta mamian.

Epaiketa formako errepaso umoretsu eta kritiko horren aurretik, ordea, itxialdian ehundutako Lasarte-Oriako babes sarea aitortu eta zoriondu dute, pandemiak eraginak aritzeko egindako lanagatik. Ordezkaririk ez da bertaratu, baina mezu bat bidali dute. Entzun aurretik, ordea, Lierni Rekondok bertso batzuk eskaini dizkie. Ondoren, kideek, zenbait ahotsetan, eskerrak eman dizkiete 45 boluntarioei nahiz Palmondo Irratiari, eta egindakoari buruz hausnartu dute. “Sentipen gazi-gozoa” dute, “errealitate murritz” batera heldu direla uste baitute, eta aurrera begira “komunitate ezberdinak ezagutu eta saretzea” dute erronka. 

Eta orduan, bai; parodia hasi da. Agertoki erdian zegoen ciclostatic bizikleta estatikoaren ondora agertu da urteko protagonista den birusari ezinbestean lotuta dagoen pertsonetako bat: Fernando Simon. Lasarte-Oriako Alerta eta Osasun Larrialdietako Koordinazio Zentruko zuzendariak  itxialdiak gure bizimoduetan eragindako aldaketak errepasatu ditu, fasez fase: memeak, txaloak, kazeroladak, ogia egitea, bideo deiak... Kalera irteteko aukera izan zenean agertu ziren korrikalariei erreferentziak barre ugari eragin ditu. Terrazetan egoteko aukera zabaltzen joan zen heinean desagertzen joan izan eskertu du, ”hainbeste korrikalarirekin, Ostadarren krossak New Yorkeko maratoiaren antza handiagoa izango zukeen eta!”

Bere azalpenak amaituta, epaiketarako beharrezkoei utzi die oholtza gaina: epailea, fiskala eta abokatua. Denak pantaila, eskularru eta gelekin, noski. Gainerako pertsonaiek huts egin dute, beste zeregin batzuen alde eginda: mileketeek, idazkariak, San Joakin, Santa Ana eta Basajaunek oporretan jarraitzea nahiago izan dute. 

Koronabirusaren sortzaileak

Finantza Tapia Handikotrena eta Ezleturia Muskuilu Errobotikonandia dira akusatuak, Tapia eta Ezleturia bezala ezagunagoak, urtea zehar herrian egindako triskantza eta maltzurkeriengatik epaitu dituzte. Erraustegia eta Abiadura Handiko Trena baino larriagoak diren karguak egotzi dizkie fiskalak, eta haiek argudiatzeko ahaleginean mokoka aritu dira bi legelariak, argudio xelebreak erabilita. 

Lehen testigantza  gazteenek zer diren jakingo ez duten VHS zintan jaso du epaileak (honek ere ez zuen oso argi): babes ofizialeko etxebizitzetan ezkutuan grabatutako Zuhurne eta Dolores bizilagunen arteko solasaldia. Amaitu gabe eten da eta fiskalak bere proba jartzeko baliatu du aukera. Landaberriko aldapan gora eta behera ibiltzeaz nekatuta dauden bi neskato agertu dira kantuan. Huntzaren doinu ezagunarekin "Gasteiz, Donostia eta Lasarte, ados jarri zaitezte eta aldapa konpondu behingoz eta betirako" eskatu dute behin eta berriro. Fiskalaren arabera, koronabirusa bi akusatu maltzurrek sortu dute, itxialdian haurrek ez baitute eskolara joan behar, eta ondorioz, aldapa edo teilatua konpontzea ez da beharrezkoa. 

Zeruko aingeruek ekarri dute hurrengo bideoa, balkoia pulpitu eta eliza taberna -edari karta, behintzat, prest du- bilakatu nahi duen apaizarena, "Munilla ados badago". Agintariek pandemia kontrol sozialerako baliatu dutela salatu eta miserikordia eskatu die: langileentzat, merkatarientzat, ostalarientzat, kultur eta kirol elkarteentzat... 

Itxialdiaren agertoki nagusi izan diren leiho eta balkoietan bizitakoari errepasoa egin dio azken lekukotzak. Argi gelditu da azken pisuko terrazatik eta bigarren pisuko leihotik gauzak ez dira berdin ikusten ezta bizitzen ere.

Eta hala, erabakitzeko garaia heldu da. Epaile andereak, Pilatosen moduan "eskuak garbitu" ohi ditu, oraingoan, eskularruak kendu, eta santuei nahiz Basajauni egotzi die ardura. Santa Anak zein San Joakinek deliberatu beharrean bedeinkapena eman diete bertaratutakoei, eta Basajaunen esku utzi dute epaia. Eta honek argi izan du: Sutara! Abokatua haien errugabetasuna frogatu nahian ahalegindu bada ere, amaiera nahiko agerikoa zen bi akusatuentzat.

Erlazionatuak

Santa Ana parodia, iruditan

Txintxarri Aldizkaria 2020 uzt 27 Gizartea

Santa Ana eguneko parodia, osorik

Txintxarri Aldizkaria 2020 uzt 27 Kultura

Meza eta agurra, santuaren omenez

Txintxarri Aldizkaria 2020 uzt 26 Gizartea