Añorga KKEk bihar jokatuko du Reto Iberdrola ligara igotzeko kanporaketa

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko uzt. 24a, 12:27

Ordu eta erdi, 90 minutu, eta helburu bat: 2020-2021 denboraldian Reto Iberdrola ligan jokatzea. Lau txartel jokoan, eta zortzi talde. Horietako bat da Añorga KKE gipuzkoarra. Denboraldi bikaina egin du 1. Nazional mailan, eta bere multzoko txapeldun geratu, 44 punturekin. COVID-19aren pandemia tarteko, ezin izan dituzte liga amaitzeko geratzen ziren zazpi partidak jokatu, eta 19. jardunaldira arteko puntu eta emaitzak aintzat hartu dituzte. Ligaren bi heren jokatuta, beraz, Añorga izan da txapeldun, eta Reto Iberdrolara igotzeko kanporaketa jokatuko du.

Lasarte-oriatar ugarik jarri dute hondar aletxoa aurtengo denboraldian. Izaskun San Aniceto eta Ainara del Olmo jokalariez gain, entrenatzaile taldeko kide gehienak ere herrikoak dira: Javi Solchaga, Julen Ormazabal, Asier Pavon eta Jon Presa. Jon Saldias donostiarrak osatzen du bostekoa. 

Ziurgabetasunez betetako aste eta hilabeteak bizitu dituzte Añorgako entrenatzaile eta jokalariek ere, baina maiatzean hasi ziren berri onak jasotzen. Lehenik eta behin, eurak zirela 1. Nazional mailako 2. multzoko txapeldunak. Aste batzuk beranduago, maiatz bukaeran, jakin zuten Konpetizio Epaileak onetsi egin zuela Reto Iberdrola ligara igotzeko kanporaketak jokatzea. Uztailaren 2an egin zuten zozketa, eta orduan jakin zuten UD Aldaia CD taldearekin neurtuko zituztela indarrak Las Rozasen, Madrilen.

Partida jokatzeko irrikaz

Martxo eta apirilean etxean egin zuten kirola Añorgako jokalariek, ahal zuten moduan. Konfinamendua arintzen hastearekin batera hasi ziren errutinara bueltatzen apurka-apurka, eta ekain amaieratik daramate taldean entrenatzen. Egokitze prozesua ez da erraza izan, Javi Solchaga entrenatzaileak aipatzen duenez: "Pare bat astez, hasieran, kosta egin zitzaigun erritmoa hartzea, logikoki; hilabete batzuk generamatzan ohi dugun moduan entrenatu gabe". Astez aste, ahalik eta ongien lehiatzeko sasoi puntu hori berreskuratu dute jokalariek, eta, Solchagaren iritziz, taldea "oso ongi" dago orain, konpetitzeko prest. "Lehen 3-4 asteetan karga fisiko gehiago sartu dugu, eta hurrengoetan aspektu teknikoagoak lantzen hasi, jakin dugunean noren aurka jokatuko dugun larunbatean". 

UD Aldaia CF taldea izango dute aurrez aurre añorgatarrek. Solchagaren analisia: "Oso talde indartsua da, aurrealdean batez ere, gol asko sartu ditu eta oso gutxi jaso". Herritarrak dio neurketa "oso paretsua" izango dela, valentziarrek "talde oso ona" daukatelako, baina Añorgak ere bai. Denboraldiko datu batzuk: hamalau partida irabazi ditu, bi berdindu eta hiru galdu. Aurrean oso fin ibili da, 51 aldiz baloia sareetara bidaliz –partidako ia hiru gol sartu ditu– eta hamasei gol jasoz –norgehiagokako bat baino gutxiago–. Behin fisikoa eta teknika landuta, azken egunetan alor psikologikoa jorratzen ari dira, aurrean duten erronka ez baita makala. "Egia esan, luze egiten da, inoiz ez dugu izan horrenbeste denbora neurketa bakar bat prestatzeko", onartu du Solchagak. Egun handia iristear dago, eta taldeak "ikaragarrizko gogoa" dauka partida jokatzeko. 

Bi taldeek larunbat honetan neurtuko dituzte indarrak, 20:30etik aurrera, Madrilgo Las Rozas futbol hirian. Partida streaming bidez eskainiko du Espainiako Futbol Federazioak, web orrialde honetan: https://futbolfemenino.rfef.es/. "Animatu nahi ditut herritarrak, ahal badute, gure neurketa ikustera, larunbat arratsalde baterako plan ederra izan daiteke", adierazi du Solchagak. "Uste dut Insausti tabernan jarriko dutela neurketa". Hortxe proposamena, irakurle.

Gaur abiatuko da espedizioa Madrilerantz, ostiralarekin, uztailak 24. Goizean azken saiotxo bat egingo dute, eta autobusa hartuko 15:30ean. Espero dute Madrilera 21:00etarako iristea. Hotelera joango dira, atseden hartzera. Bihar ezagutuko dute zelaia, eta ordu batzuk beranduago bertan jokatu, 20:30ean esan bezala, Reto Iberdrola ligan jokatzeko txartel bat eskuratzeko. Gertatzen dena gertatzen dela, ezin uka denboraldi bikaina egin duenik Añorga KKEk. Ginga jartzea besterik ez zaio falta.

Erlazionatuak

Denboraldi aparta egiten ari da Añorga KKE

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020 urt 17 Kirola