Denboraldi aparta egiten ari da Añorga KKE

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko urt. 17a, 09:30
Talde-giro aparta da Añorgaren ezaugarrietako bat. Arg.: Javi Solchaga

1. Nazional mailan lehian da Añorga KKE eta 42 puntutik 31 bildu ditu. Igoera amets eta helburu ditu taldeak. Kideetako batzuk herritarrak dira: Izaskun San Aniceto eta Ainara del Olmo, jokalariak; entrenatzaile taldean, berriz, Javi Solchaga, Julen Ormazabal eta Jon Presa.

"Denboraldi hasieratik daukagu buruan mailaz igotzea; ikusiko dugu lortzen dugun edo ez". Javi Solchagaren hitzak dira, 1. Nazional mailan lehian ari den Añorga KKEren entrenatzailearenak (Lasarte-Oria, 1989). Partida asko geratzen dira oraindik, baina momentuz ez dira batere gaizki ari gipuzkoarrak: 42 puntutik 31 bildu dituzte, eta sailkapeneko bigarren postuan dira. "Berregituratu egin dituzte kategoriak aurten", azaldu du Solchagak. "Osasuna, Alaves, Eibar eta Athletic 2. mailan ari dira aurten; bosgarren geratu ginen iaz; nik esan ohi dudan bezala, gure ligako lehenengoak". 

Bizkerre FT bizkaitarren erritmoari eusten dion talde bakarra da Añorga. Elkarren aurka jokatu dute asteburuan, Getxon. 3-0 irabazi du etxeko taldeak. Hala ere, sailkapenean ez du horrenbesteko eraginik izan; hiru puntura geratu da Añorga. Igande honetan, hilak 19, Aurrera de Vitoriarekin neurtuko dituzte indarrak gipuzkoarrek, Rezolan, 18:00etan.

Futbolean aritzen diren ia guztiek ezagutzen dute Añorgaren futbol zelaia. Estua da, berezia, eta zaila da hiru puntuak urratzea han. Egia da bi neurketa galdu dituztela aurten, baina irabazi egin dituzte beste guztiak. Eta nola gainera: 7-0, 5-0, 3-0, 2-0... Gol asko sartu, eta oso gutxi jaso. Hori da Añorgaren martxa onaren gakoetako bat. 37 gol alde, eta hamabi kontra. Ligako bigarren talde onena da defentsiboki. "Jokalariak oso langileak dira; guztiek egiten dute defentsako lana", aipatu du Solchaga entrenatzaileak.

Rezolan zein gainontzeko taldeen zelaietan, maila oso ona ematen ari da Añorga. "Etxeko partidak ikusgarriak dira: aukera asko, baloi eta aldaratze asko areatan, golak... Jende ugari etortzen da gu ikustera". Etxetik kanpo aldatu egiten dute joko-estiloa, baina, Solchagak zehaztu duenez, futbolariak "ederki" moldatzen dira. "Ezaugarri on eta desberdin asko dauzkate jokalariek, eta horrek asko ematen digu partidetan".

Lasarteoriatar ugari 

Añorga taldeko bost kide herritarrak dira. Zelai barruan aritzen dira Izaskun San Aniceto aurrelaria eta Ainara del Olmo erdilaria; kanpoan, berriz, Javi Solchaga eta Julen Ormazabal entrenatzaileak eta Jon Presa prestatzaile fisikoa. 

"Izaskun da esperientzia gehien daukan jokalarietako bat; gainera, gol asko egiten ditu. Aurten, oraingoz, hamalau", zehaztu du Solchagak. Del Olmo aurten igo da taldera, eta, entrenatzailearen hitzetan, "segituan" hartu dio neurria 1. Nazional mailari. "Minutu asko ari da jokatzen, maila ona erakutsiz". Hamasei urteko erdilaria ez da taldeko gaztetxo bakarra; beste seik egin dute jauzia aurten. "Jokalarien %80ak hogei urte baino gutxiago dauzka", aipatu du Solchagak. Hala ere, primeran ari dira denak, sailkapenak erakusten duenez. 

Entrenatzaile taldeak ere badu meritua horretan. Hiru urte daramatza Solchagak taldean. "Lehenengo urtean aldaketa asko egon ziren; gure lehentasuna izan zen talde-giro ona eta batasuna sortzea; bigarren urtetik aurrera hasi ginen konpetizioan foku gehiago jartzen". Bi ezaugarri horiek uztartzea lortu dute: beti gogor konpetitzeko gai izatea, eta taldeko giroa ezin hobea izatea. "Oso ongi moldatzen gara guztiok, zelaitik kanpo planak egiten ditugu, baina, era berean, argi dauka bakoitzak zein den bere rola taldean". Solchagak dio "oso-oso gustura" ari dela taldean. "Jokalariek sinesten dute joko-estiloan eta planteatzen ditugun sistemetan; gakoetako bat da hori".

Hamazazpi urterekin hasi zen entrenatzen Solchaga. Hamar urtez, herrian, Ostadar SKTn; duela hiru jaso zuen Añorgaren deia. "Uztekotan nenbilen, hara joatea proposatu zidatenean; erabaki bikaina hartu nuen".

Ezker-eskuin eta goitik behera: Jon Presa, Javi Solchaga, Julen Ormazabal, Izaskun San Aniceto, Miriam Sanchez (udatik bizi da herrian) eta Ainara del Olmo.