Udalekuak eta eguneko zentroak ixtea erabaki du Eusko Jaurlaritzak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 18a, 12:47

COVID-19ak kasu berrien kopuruak gora egiten jarraitzen du. Ostiralean 115 izan zirela ezagutarazi du Nekane Murga Osasun sailburuak. Hori dela eta, aldi baterako zenbait prebentzio neurri hartu dituzte, datozen egunetan berrikusiko dituztenak.

Euskal Autonomi Erkidegoan kutsatu berrien kopuruak goranzko joera hartu du azken asteetan, bereziki, Gipuzkoan. Datuen bilakaera ikusita, Osasun Sailak eta Osakidetzak "prebentziozko eta behin behineko neurri gisa", zenbait murrizketa egitea erabaki du, datozen egunetan berrikusiko dituztenak. 

Hala, hiru Foru Aldundiek, egin dieten gomendioei jarraituz,  zahar etxeetako egoiliarren irteerak murriztu egingo dituzte eta jasotako bisitak, mugatu. Horrez gain, eguneko zentroak itxiko dituzte.

Era berean, Eudelekin batera, udalekuak aldi baterako bertan behera uztea erabaki dute. Nekane Murga sailburuak zoriondu egin ditu udalekuetako arduradunak, bertan ez delako kutsaketarik gertatu, baina begiraleen artean positiboak hauteman dituzte. Udalek antolatutakoei eragingo die neurriak, "pribatuek beraiek baloratu beharko dute erabakia, baina kontuan hartu behar dute egoera epidemiologikoa eta begiraleen profila". 

Ostiralean, 115 kasu positibo hauteman zituzten EAEn PCR bidez: 63, Gipuzkoan; 43, Bizkaian; eta bederatzi, Araban. Kutsatu berrietako asko gazteak direla nabarmendu du sailburuak.

 

 

Erlazionatuak