UZTAILEKO KULTUR AGENDA

Hilabete amaierara arteko kale ikuskizunak Andatza plazan egingo dira

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 16a, 11:02
COVID-19agatik aurten ez da San Joan surik egin. Aurreko urteetan Andatza plazan ospatu izan da.

Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi du erabaki duela uztail bukaerara arteko kale ikuskizunak Andatza plazara lekualdatzea, "edukiera errazago kontrolatu" eta jende-pilaketak saiheste aldera. 200 pertsonarentzako tokia egongo da bertan ere, eta eserleku bakoitza metro eta erdira egongo da bestearengandik. Maskara jantzita eramatea derrigorrezkoa izango da.

Hauek dira udalak Okendo plazatik Andatzara tokiz aldatuko dituen emanaldiak:

  • Gaur arratsaldean, uztailak 16, 19:00etatik aurrera, Gag Street Boys ikuskizuna
  • Bihar arratsaldean, uztailak 17, ostirala, 19:00etatik aurrera, Ikonografiak dantza ikuskizuna
  • Uztailaren 24an, ostiralarekin, Piraten istorio bat antzezlana

Okendo Zinema Taldeak hilaren 22rako (asteazkena) programatuta daukan zine emanaldia, printzipioz, Okendo plazan izango da. 22:15ean hasiko da Amazing Grace dokumentalaren proiekzioa.

Protokoloa

Segurtasun protokoloak berbera izaten jarraituko du: ikus-entzuleak txandaka sartzeko eta irteteko puntu bakar bat, pilaketak saihesteko. Buruntza kaletik sartu eta aterako dira herritarrak. Edukiera maximoa 200 pertsonakoa izango da: eserleku bakoitza metro eta erdira egongo da bestearengandik, eta maskara jantzita eraman beharko dute ikus-entzuleek. Antolatzaileek kontrolatuko dute neurri horiek betetzen direla.

Erlazionatuak