COVID-19 BIRUSA

58 kasu berri EAEn azken 24 orduetan; horietatik 41, Gipuzkoan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 15a, 14:03

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak uztailaren 14ko datu eguneratuak bildu ditu txosten batean. Horien arabera, nabarmen igo da COVID-19 kasu positibo berrien kopurua: EAEn 58 atzeman dituzte azken 24 orduetan PCR proba bidez, horietatik 41 Gipuzkoan. Hamar detektatu dituzte Bizkaian, eta zazpi Araban. Beterri-Buruntza eskualdean ere igotzen ari da kutsatu kopurua: Andoainen kasu berri bat atzeman dute.

Koronabirusak kutsatutako pertsona kopuruak igotzen jarraitzen du egunetik egunera. Atzo bildutako datuen arabera, 58 kasu berri atzeman dituzte EAEn PCR test bidez. Gehienak, Gipuzkoan, 41, hamar Bizkaian eta zazpi Araban. Denera 21.789 pertsona kutsatu ditu koronabirusak EAEn, test serologiko bidez egiaztatu diren 39 kutsatzeak ere gehituta. 14.149 negatibizatuak izan dira, eta ospitaleko alta jaso dute beste 4.390ek, eta ez da inor gehiago hil azken 24 orduetan. 1.622 pertsona zendu dira orain arte COVID-19agatik hiru lurralde historiko horietan. ZIU unitateetan lau paziente daude ingresatuta, eta plantan sei pertsona gehiago ospitaleratu dituzte.

Herriak eta eskualdeak

Beterri-Buruntza eskualdean kasu berri bat atzeman dute. Zehazki, Andoainen. Lasarte-Orian pare bat erregistratu zituzten asteburuan, eta, datu ofizialen arabera, geroztik ez dute kutsatze gehiagoren berri eman. Donostian, adibidez, hamar kasu erregistratu dituzte uztailaren 14an, eta zortzi Tolosan. Ordiziakoa izan da Gipuzkoako agerraldi indartsuena azkenaldian, eta hainbat kasu topatu dituzte bertan PCR proba ugari egin ostean. Orain, Getariako foku posible bat aztertuko dute, PCR testak eginez taberna bateko bezero izan diren herritarrei.

Azkenaldiko agerraldiak ikusita, Eusko Jaurlaritzak erabaki du maskararen erabilera derrigorrezkoa izatea bihartik aurrera, metro eta erdira edo gehiagora egonda ere. Taberna, jatetxe, hondartza eta igerilekuetan ezingo dute hamar pertsona baino gehiagok batera egon.