COVID-19 BIRUSA

Elkarrengandik metro eta erdi baino gehiagora egonda ere, derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea gaurtik aurrera EAEn

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 16a, 10:19

Espazio publiko guztietan, ireki zein itxietan, musukoa jantzita eraman beharko dute herritarrek bihartik aurrera, elkarrengandik metro eta erdira edo gehiagora egonda ere. Osasun sailburu Nekane Murgak aurreratu ditu neurri batzuk. Ostalaritza guneetan, esate baterako, hamar pertsonak eseri ahalko dute elkarrekin gehienez, eta maskara kendu ahalko dute edatera edo jatera doazen unean bakarrik. Igerileku eta hondartzetan ere hamar pertsona elkartu ahalko dira gehien jota.

Ofiziala da. Gaurtik aurrera, EAEko hiru lurraldeetan derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea espazio publiko guztietan, aire zabalekoetan zein itxietan, elkarren arteko distantzia metro eta erdikoa edo gehiagokoa izanda ere. Azken egunetan agerraldi bat baino gehiago izaten ari da COVID-19a, Gipuzkoan bereziki, eta Eusko Jaurlaritzak neurri hori ezartzea erabaki du. Gauerdian sartuko da indarrean, uztailaren 16an, 00:00etatik aurrera. Ostiralean Hego Euskal Herri osora zabalduko da, Nafarroak egun horretarako iragarri baitu musukoaren derrigorrezko erabilera. 

Neurri gehiago

Bihartik aurrera, ostalaritza guneetan, taberna eta jatetxetan, ezingo dute hamar pertsona baino gehiagok elkartu mahai berean. Terrazetatik at edatea debekatuta egongo da, eta neurri hori betetzen ez duenari isuna jarriko zaiola aurreratu du Murgak. Hondartza eta igerilekuetan ere ezingo dute hamar pertsona baino gehiagok elkarrekin egon. "Ez dugu baztertzen neurri gehiago iragartzea COVID-19aren agerraldi hauek geldiarazteko", adierazi du Osasun sailburuak.