"Kezkatu eta arduratu egin gaituzte San Marko Mankomunitateak orain dela gutxi publiko egin dituen datuek: hiri-hondakinen %45 besterik ez du gaika bildu Lasarte-Oriak 2019an; azken furgoian jartzen gaitu horrek", nabarmendu dute plataformako kideek. "Biztanle kopuru handia duten udalerrien artean, Donostiarenak besterik ez dira emaitza eskasagoak, %40 inguru, Gipuzkoako batez bestekotik oso-oso urruti". Lurralde historiko horretan hiri-hondakinen %57 biltzen da gaika, batez beste. "Gipuzkoan lotsa sortzen duen herrietako bat gara".
Lasarte-Orian Aire Garbiak jakinarazi duenez, 2018an baino are hondakin gutxiago bildu dira gaika gure herrian: duela bi urte, %46,6a; iaz, %45. "Gero eta okerrago ari gara, gero eta lotsagarriago".
"Udala denbora galtzen ari da"
Datuekin eta Lasarte-Oriaren beheranzko joerarekin arduratuta, plataformak uste du udalak ez duela "ezer praktikorik" egiten hiri-hondakinen gaiaren inguruan: "Hitz potolo ederrak esaten dituzte, baina lurrazpikoen galdeketaren kontuarekin denbora galtzen ari da, hondakinen ontziak lurgainekoak edo lurrazpikoak izateak ez duelako inongo eraginik bilketa tasan". Lasarte-Orian Aire Garbiaren iritziz, lurrazpiko edukiontzien sistema "oso txarra" dela erakutsi du praktikak: "Garestia mantenimenduan, kutsakorra, zikinkeria eta arratoi iturria... Balio ez duena kendu egin behar da eta kito".
Aire Garbiaren ustez, informazio eta kontzientziazio kanpainez harago, udalak "bilketa sistema eraginkor bat" planteatu beharko luke tasak hobetzeko. "Gipuzkoan eredu on asko daude; bat hartu, berdin zaigu zein, eta kitto".
Zubietako erraustegia
"Udala denbora galtzen ari da, arrazoi nabarmen batengatik: gure herritik ikus daitekeen Zubietako erraustegia elikatzeko. Gutxi batzuen interes ekonomiko eta politikoak herritarron osasunaren gainetik daude", kritikatu du plataformak. Azpiegitura horren alde egiteko, plataformaren aburuz, "guztiak" balio du, "gezurrek barne". Arkaitzerrekako isuria eta GuraSOSen ekimen eta helegiteak jarri dituzte adibidetzat. Bideoan entzun ditzakezue zehatz-mehatz.
Zaldibarko zabortegian gertatutako hondamendia gogoratu du plataformak. "Asko ikasi dugu: adibidez, PSE-EE eta EAJrentzat dozena pare bat futbolarik baino askoz gutxiago balio dugula Lasarte-Oriako udalerrietako milaka biztanleok. Bien bitartean, inauguratu gabe ere, erraustegia begien bistan daukagu, ke gaiztoak botatzen".