Lasarte-Oriako Udalak Basaundi Bailararen birgaitzea sendotzeko 156.000 euroko diru laguntza lerro bat ezarri du. Xedea auzoko etxebizitzetako irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa hobetzeko lanak finantzatzea da.
Laguntza hauek Basaundi Bailarako 1 zenbakitik 16ra bitarteko etxebizitza eta lokaletako jabeei zuzenduak daude. Udalak azaldu duenez, beste laguntza-programa batzuek finantzatzen ez duten birgaitze-kostuaren zatiari aurre egin ahalko diote era honetan auzotarrek, baita eraikinen txosten teknikoetatik eratorritako interbentzioak egin ere. Hala nola, arrapalak eta igogailuak jarri edo etxebizitzaren kalifikazio energetikoa gutxienez maila batean hobetu ahal izateko inguratzailea hobetzea.
Gainera, saneamendua, ur-hornidura, argindarra, telekomunikazio, gas eta suteen aurkako segurtasunarenako instalazioak berritzen dituztenek ere onurak izango dituzte. Era berean, lehen mailako energiaren kontsumoa murrizteko jarduketak borondatez finantzatu ahal izango dira.
Diru laguntzaren zenbatekoa hiru urtetan banatuko da: 2019an, 69.000 euro; 48.000 euro, 2020an eta 39.000 euro, 2021ean.
Lasarte-Oriako udalak azaldu duenez, laguntza zuzenak dira eta norbanakoaren ebaluazio-sistemaren bidez banatuko dira. Eskaera 2020ko azaroaren 30era arte egin ahalko da, Lasarte-Oriako Udaleko Erregistro Orokorrean. Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste laguntza publiko edo pribatuekin.
Oinarri guztiak ikusgai, hemen.