Basaundi Bailarako etxebizitzak hobetzeko laguntzak eskatzeko epea ireki da

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 5a, 12:00
Udal ordezkariek 2018ko abenduan eman zuten laguntzen berri.

Laguntzen zenbatekoa guztira 1.875.500 eurokoa da. Laguntza eskaeraren epea 2020ko abenduaren 30ean amaituko da.

Basaundi Bailarako berrurbanizazioa martxan da eta auzoaren itxura guztiz berritzeko asmoz  etxebizitzetako irisgarritasuna eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko dirulaguntzak eskainiko zaizkie auzotarrei. Lasarte-Oriako Udalak eskaera egiteko epea ireki dela jakitera eman du eta 2020ko abenduaren 30era bitartean eskatu ahal izango dira, Lasarte-Oriako Udaleko Erregistro Orokorrean.

Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren arteko hitzarmen bati esker, Basaundi Bailarako berrurbanizazioa Eusko Jaurlaritzaren 2017-2022 Lurralde Inbertsio Plan Integratuan dago eta horregatik, Basaundi Bailarako 1 zenbakitik 16ra bitarteko etxebizitzek bakarrik eskatu dezakete. Gainera, norbanakoaren ebaluazio-sistemaren bidez zuzeneko kontsezioan banatuko dira eta bateragarriak dira beste laguntza publiko edo pribatuekin. 2017an eta 2018an egindako jarduketak ere barne hartuko dira.

Guztira 1.875.500 euroko laguntza da eta hiru urtetan banatuko da: 901.100 euro 2019an, 622.000 euro 2020an eta 352.400 euro 2021ean.

Eraikinen ikuskaritza teknikoen txostenek zehaztutako lanak egiteko erabiliko da laguntza. Era honetara, etxebizitzen irisgarritasuna hobetuko da igogailuen eta arrapalen bidez eta inguratzailea (fatxadak, estalkiak, hegalak...) berrituz energia-kalifikazioa gutxienez maila batean igo ahal izango da.

Laguntzen zenbatekoa aldatu egingo da egitekoa den jarduketaren arabera. Jarduketa bakoitzak muga hauek izango ditu:

  • Eraikinaren Txosten Teknikoa idaztea: gehienez kostuaren %60.
  • Etxebizitzen monitorizazioa eta hartutako neurrien eraginkortasunaren jarraipena: kostuaren %100.
  • Proiektuak idaztea  eta obra  zuzentzea: %60raino, etxebizitza bakoitzeko 1.000 euro gehienez.
  • Igogailuak eta arrapalak instalatzea: obraren gauzapenaren %60raino, 72.000 euroko muga jabekide-komunitate bakoitzeko .
  • Eraginkortasun energetikoa hobetzea: kontratuaren %60raino finantzatuko da, eta etxebizitza bakoitzeko 7.500 euro emango dira gehienez, onartutako oinarrien desglosearen arabera.

Gainera, onurak ere izango dira honako instalazio hauetako lanetan: saneamendua, uraren, gasaren eta argindarraren hornikuntza, telekomunikazioak eta suteen aurkako neurriak. Lehen mailako energiaren kontsumoa murrizteko jarduketak ere finantzatu ahal izango dira borondatez.

Lasarte-Oriako Udalaren webgunean daude eskuragarri dirulaguntzen oinarriak eta talde teknikoak kontratatzeko baldintzak.