Alboka Abesbatzak "mimo handiz" prestatutako kontzertua eskainiko du, bihar

Nerea Eizagirre 2020ko uzt. 10a, 11:04
Alboka Abesbatza 2018-2019 ikasturte amaierako kontzertuan. Aurten San Pedro elizan izango da emanaldia.

Alboka Abesbatzak aurreikusia zuena baino hilabete beranduago bada ere, bihar, uztailak 11, larunbatean ikasturte amaierako kontzertua eskainiko du, 20:00etatik aurrera, San Pedro elizan. Larrialdi-egoeran etxean lan eta lan egon ostean, sei abestiko egitaraua eskainiko die abesbatzak lasarteoriatarrei

"Ekainean urte osoan egindako lanaren fruitua eskeintzea gustatzen zaigu. San Pedrotako kontzertua bereziki mimo handiz prestatzen dugu beti," adierazi dute Abesbatzeko zuzendaritzako kideek.

Ez da ohiko kontzertua izango noski: egoera arintzeak eta 'normaltasun berriak' ahalbidetu dutenetik hilabete izan du Abesbatzak emanaldia prestatzeko, eta horrek egitaraua egokitzera ekarri du. 

San Pedro elizara hurbiltzen diren herritarrek sei doinu entzun ahalko dituzte. Abesbatzak doinu ezagunak, hala nola, Lesbordesen Kantuz edo Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak eta nazioarteko abestiak eskainiko ditu bere emanaldian.

Ekitaldiak edukiera murriztua izango du eta ikusleek maskara eraman beharko dute.

Alboka Abesbatzako zuzendaritza taldeko kideek azaldu moduan, ekainean egin ohi duten kontzertua ikasturte hasieran prestatzen hasten dira eta hango eta hemengo emanaldiekin uztartzen dute. "Ekaineko kontzertua ikasturte hasieratik prestatzen hasten gara, errepertorioa pixkanaka berrituz, baina batez ere urtarriletik aurrera zentratzen gara honetan," azaldu dute Abesbatzako kideek.

Jaietan ezin abestu

Aurtengoa ordea, ikasturte amaiera berezia izan da eta aurreikusitako lana eta egutegia hankaz gora jarri du COVID-19ak. 

Larrialdi egoeran pasa ditugun hilabete hauetan emanaldi ugari geratu dira bidean. Olite, Comillas edo Irun ziren Alboka Abesbatzeko ahotsek alaitu behar zituzten herrietako batzuk. Gainera, bisita berezia ere jaso behar zuen ekain hasieran, Italiako San Salvatore abesbatza. Elkartruke guztietarako hitzordua jartzeko lanean ari da berriro ere Abesbatza eta egoera normaltzen den heinean datak zehazten joatea espero du.

Herrian ere ohitura handia duten hainbat ospakizuneetan parte hartzekoa zen Alboka abesbatza eta pena handia dute San Joan suan eta San Pedro egunean abestu ez izanaz. "Erketz eta Zero Setterekin San Joan Suan parte ez hartzeak ere pena handia eman digu eta zer esanik ez inoiz huts egin ez dugun San Pedro Mezan".

Alboka Abesbatzak 'Martxa baten lehen notak' doinua grabatu zuen itxialdian; kontzertuan, zuzenean entzuteko aukera izango da. Arg.: Alboka abesbatza

Egoerara moldatzea eta erronkak
Alboka abesbatzako kideak lanean jarraitu dute, ordea. Larrialdi egoerak eta ziurgabetasunak astean aste egoerara moldatzera behartu ditu kideak haien zaletasunari jarraipena emateko. "Egoera horrek sortu duen estresa arintzeko" ere balio izan duela onartu dute zuzendaritzako kideek.

Entsegu era ezberdinak uztartu dituzte eta egoera normal batean oinarrizkoa den bakarkako lanak garrantzia gehiago izan du. Izan ere, astelehen eta ostegunetan entsegu gelan 40 bat pertsona elkarrekin egotetik etxean bakarka egotera igaro dira.

"Hasieran zuzendariak grabatutako bideo txikiekin lantzen genituen kantak," azaldu dute. WhatsApp talde berezia sortu eta entsegu egunetan Montse Latorre zuzendariak bideoak bidaltzen zizkien kideei entseguen erritmoa eta ohitura ez galtze arren. 

Ikasketa prozesua hain astuna ez izateko, erronka txikiak ere egin dituzte. Era honetara, beste hainbat kultur taldeek etxealdia arindu eta alaitzeko asmoz egindako bideoak animatuta, bi abesti grabatu zituen herriko abesbatzak, Let it Shine eta Martxa baten lehen notak

"Bakoitzak bere etxetik bere zatia grabatu eta gero teknologiari esker dena bateratu. Bestalde, teknologiarekin kontaktu handia ez duten pertsonei oso zaila egin zaie grabaketa hauek egitea. Baino askok lortu dute!! Ez da elkarrekin abestea bezala, baina esperientzia oso polita izan da,"  adierazi dute zuzendaritzako kideek.

Grabaketak oso baliagarri izan zaizkiela ere nabarmendu dute, "bideo hauek egiten asko ikasi dugu, grabatzerakoan norberaren ahotsa entzutea zaila eta era berean aberasgarria izan da, benetan konturatu garelako bakarrik nola kantatzen dugun. Baina hobetzeko ezinbestekoa da". 

Arintzen egoeran zehar, berriro ere elkarrekin egoteko prestatzen hasi ziren eta Osasun sailak eta Euskal Herriko abesbatzen elkarteak egindako protokoloa jarraituz ekainaren bigarren astean berriro entseguekin hasi ziren. 

Moldaketa ugari egin behar izan dituzte. Lehenik, ohiko entsegu lekua aldatu behar izan dute, Villa Mirentxutik San Pedro elizara. "Gure arteko distantziak hobeto mantendu ahal izateko," nabarmendu dute. 

Gainera, talde txikietan hasi ziren lanean eta 'normaltasun berria' ezartzearekin batera pixkanaka taldea handitzen joan da, abesbatza osoa batu arte.

Eta noski, maskararekin edo pantailekin abestera ohitu behar izan dira kontzertua prestatzeko izan duten hilabete eskas honetan.

Aste honetan azken ukituak eman dizkiete egitarauko doinuei San Pedro elizan. Alboka Abesbatzako kideek ilusio handiz eskainiko diete herritarrei "normaltasun berriko" lehen kontzertua.

Erlazionatuak

Norberak bere etxetik, lau haizetara

Txintxarri Aldizkaria 2020 mai 19 Kultura