Oriarte-Landaberri eta Garaikoetxeako patioak zabalik udan, arratsaldez

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 10a, 08:45
Udalak martxo hasieran aurkeztu zuen 'Patioak irekita' ekimena.

Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi du uztailean eta abuztuan arratsaldez zabalduko dituela herriko zenbait ikastetxetako patioak: Oriarte-Landaberri BHI eta Garaikoetxeakoak bai, irekiko ditu, baina Sasoetakoa ez, ikastetxea obretan baitago asteotan.

Uztailean eta abuztuan zehar 16:00etatik 21:00etara arte zabalduko dituzte aipatutako patio horiek, astelehenetik igandera. Ordubetez luzatu dute ordutegia, eta goizetan ixtea erabaki. Patioak irekita egitasmoa aurkeztu zuen udalak martxo hasieran, COVID-19aren pandemiagatik Lasarte-Oria ere Alarma Egoeran eta konfinamenduan sartu aurretik. Programaren helburua da herriko ikastetxeetako patioak lasarte-oriatarren eskura jartzea, gune horiek aisiako eta bestelako jarduerak egiteko baliatu ditzaten.